Donostiako Udalak adierazpen instituzional bat onartu du eskatuz guardiako epaitegiari eta Espainiako Fiskaltzari azter dezatela Mikel Zabalzaren (1952-1985) kasua berriro irekitzea. Udal talde guztiek, hau da, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, Elkarrekin Donostiak eta PPk sinatutako adierazpenak proposatzen du Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak eta Alberto Perote CESIDeko buruzagiak «ustez» izan zuten elkarrizketa jasotzen duen audioaren edukia «sakon» azter dadila. Público egunkariak argitaratu zuen duela bi aste pasa, eta baieztatzen du Zabalza Intxaurrondon (Donostia), Guardia Zibilaren kuartelean, torturatuta hil zela.
Audio horretan Gomez Nietok eta Perotek adierazten dutenez, torturatzaileek «plastikozko poltsa» buruan jarri ziotelako hil zen Zabalza. Udalbatzaren testuan hori zehaztu dute, baita Gomez Nietok nola esan zion Peroteri Zabalza galdekatu zutenei «eskua joan» zitzaiela ere. «Audio horren transkripzioa froga moduan erabili zuen familiak duela 25 urte egin zen epaiketan. Halere, orain arte ez dira baliagarriak izan familiak gertaera horiek sakon aztertzeko egindako ahalegin guztiak», azpimarratu dute udal taldeek.
Testuan gogoratu dute Zabalza duela 35 urte atxilotu zutela, beste pertsona batzuekin batera, eta egotzi ziotela ETAkoa izatea. Udal taldeek nabarmendu dute Intxaurrondora «bizirik» eraman zutela. «Eta egun batzuk geroago hilik agertu zen Bidasoa ibaian». Adierazpenaren arabera, «gizartearen zati handi batek» inoiz ez zuen sinistu Guardia Zibilaren bertsioa, «indarrean dagoena». Poliziaren esanetan, ETAk armak gordetzeko zuen zulo bat egiaztatzen ari zirenean, Zabalzak ihes egin zuen, eta, zulo batetik ibaira erori ondoren, itota hil zen.
Udaleko langilea zen Zabalza, Donostian bizi zen, eta oharrean gogoratu dute 1985eko abenduaren 6an mozio bat onartu zuela udalbatzak «desagerpenaren larritasunak» eraginda. Eskatu zuen Zabalza non zegoen argitzeko ikerketa egiteko, eta konpromisoa hartu zuen laguntzeko. Gaur argitaratutako testuan oroitu dute mozio hura berresteko konpromisoa hartu zuela udalak 2015eko azaroaren 26an.
Txibitek bat egin du parlamentuaren eskaerarekin
Zabalzari gertatutakoa xeheki aztertzeko eskaera bateratua egin zuen Nafarroako Parlamentuak joan den martxoaren 1ean. EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak proposaturiko testuan eskatu zuten, hain zuzen, audioak «sakonki ikertzeko». Horren harira galdera bat egin dio, gaur, Nafarroako Parlamentuan, Geroa Baik Maria Txibiteri, eta Nafarroako lehendakariak erantzun du gobernuak «bere» egiten duela ganberak aho batez onartutako adierazpena. «Gobernuak pentsamendu horrekin bat egin eta hori konpartitu besterik ezin du egin», adierazi du. «Gure obligazioa da edozein indarkeriaren edo giza eskubideen urraketaren biktimen, eta justiziaren, erreparazioaren eta egiaren defentsan engaiatzea. Hori zen adierazpenaren helburua».