TORTURA

Grande-Marlaska: «Askoz gehiago dira [Espainia torturengatik] zigortu ez duten kasuak»

Espainiako Barne ministroak kongresuan azalpenak ematea baztertu dute PSOE, PP, Vox eta Unidas Podemosek.

Fernando Grande-Marlaska, Espainiako Senatuan. MARISCAL / EFE
jon olano
2021eko martxoaren 9a
17:37
Entzun

Imanol Landa EAJko senatariak Mikel Zabalzaren hilketaren auziaz eta horren inguruan berriki zabaldu den grabazioaz galdetu dio Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari. Landak gogorarazi du auzia argitu gabe dagoela oraindik, grabazioak «eragin handia» izan duela, eta «sumina eta auzia argitzeko eskakizunak» eragin dituela.

Grande-Marlaskak esan du «zoritxarreko» kasu bat izan zela Zabalzarena, eta auzitegiek eta fiskaltzak ikertu ondoren Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 2010ean artxibatu zuela. Haren hitzetan, epaileak aintzat hartu zuen grabazioa epaia ematerakoan, eta, beraz, «auzitegiei edo fiskalari» dagokie erabakitzea elementu berririk badagoen auzia berriro zabaltzeko. «Hala balitz», Grande-Marlaskak azaldu du Espainiako Segurtasun Indarrek «Polizia judizial» gisa dagokien lana egingo luketeela «kasu hipotetiko horretan».

Landak erantzun dio Espainiako Gobernuaren esku dagoela «amesgaizto hau amaitzea». Hortaz, «zezenari adarretatik heltzeko» eskatu dio, fiskala aktibatzeko eta auziko espedienteak desklasifikatzeko, erantzukizunak argitzeko. Eta gogora ekarri dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu izan duela torturak ez ikertzeagatik. Grande-Marlaskak aitortu du Espainiako Estatua «noizbait» zigortu dutela «tratu txar eta tortura ekintza batzuk behar bezainbeste» ez ikertzeagatik: «Baina askoz gehiagotan ez dute zigortu».

Betoa kongresuan

Grande-Marlaskak Espainiako Senatuan eman ditu azalpenak. EH Bilduk eskatua zuen haren agerraldia Espainiako Kongresuan ere, baina uko egin diote PSOE, PP, Vox eta Unidas Podemosek. Mertxe Aizpurua diputatuak gogorarazi du Kongresuko Mahaiak galarazi egin zuela Espainiako Defentsa ministroari gaiaz galdetzea, eta uste du «estatuak eta gobernuak isilpean» gorde nahi dutela auzia: «Onartezina iruditzen zaigu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.