euskal presoak

48 euskal preso noiz hurbilduko zain daude oraindik, Espetxe Erakundeen aginduaren ondoren

Azaldu dutenez, 31 preso ez dituzte oraindik mugitu orain arte egon diren kartzeletatik. Horiez gain, beste hamazazpi preso tarteko espetxe batera aldatuta daude, horietatik mugitzeko zain.

Sarek deitutako eskal presoen aldeko manifestazioa, urtarrilean, Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko martxoaren 9a
11:04
Entzun

Espetxe erakundeetako idazkaritza nagusiak agindutako hurbilketak eta Euskal Herriratzeak egitea eta asteroko lekualdatzeen «erritmoa handitzea». Bi eskaera nagusi horiek egin ditu Etxerat-ek ohar bidez. Horrek familietan izango lukeen eragina ere azpimarratu dute: «Iragartzea baino garrantzitsuagoa da, noski, lekualdaketak eta hurbilketak egia bihurtzea, horrela senideek eta presoek pairatzen duten ziurgabetasuna eta frustrazioa amaitzeko. Uste dugu, gainera, urruntzea eta sakabanatzea amaitzeko erabakia hartu ondoren, ez duela zentzurik gaur egun bost lekualdatze iragartzeko dinamikari eusteak».

Izan ere, euskal presoen senideen elkarteak adierazi duenez, zenbait preso hurbildu edo Euskal Herriratuko zituztela iragarri arren, oraindik ez dute esana bete. Elkartearen arabera, 31 preso hurbiltzeko edo Euskal Herriratzeko zain daude, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak hala egingo dutela iragarri ostean. Horiez gain, beste hamazazpi tarteko espetxe batera eraman zituzten, eta, orain, horietatik mugitzeko zain daude. Beraz, 48 euskal presori eragiten die egungo egoerak. Horietako hogei, gainera, gurasoak direla nabarmendu du Etxerat-ek: «Haien hurbilketa iragarri da, baina ez dira espetxe berrira iritsi, eta hilabeteak daramatzate seme-alabak ikusi gabe».

Elkarteak beste salaketa bat ere egin du: «Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak duela hilabete eta erdi erabat itxiarazi zituen espetxeak, eta egoera horretan aste luzez egon ginen; bisitarik gabe, baita kristalaren bitartez egiten diren bisitarik gabe ere». Hori ikusirik, Etxerat-ek aldarrikatu du presoei ezartzen dizkieten osasun neurriek «eraginkorrak» izan behar dutela, eta, besteak beste «premiazko» txertaketa plan bat eskatu du.

Behatokia, Biurrunekin

Espetxe Politikaren Behatokiaren ordezkaritza bat Garbiñe Biurrun Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jarduneko presidentearekin batzartu da, eta, bileraren ondoren eginiko adierazpenetan, Aitzol Asla eta Teresa Toda behatokiaren ordezkariek nabarmendu dute premiazkoa dela euskal preso guztiei espetxe «politika koherente eta integrala aplikatzen hastea, gizarteratzeko ibilbidean aurrera egin ahal izateko».

Behatokiak otsailaren 4an aurkeztu zuen seihileko txostenaren bigarren zenbakia, eta horren berri eman dio bileran Biurrruni. Foro Sozial Iraunkorraren arabera, Toda, Asla eta Biurrun bat etorri ziren «Espainiako Gobernua espetxe politika aldatzeko egiten ari den urratsak positibotzat hartzearekin», baina kezkatuta daude «sortzen ari diren zailtasun berriengatik».

Behatokiko kideek gradu progresioari erreparatu zioten, aurkia eta ifrentzua nabarmenduta: gogora ekarri zuten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko %58 bigarren gradura igaro direla, baina soilik %5,5 daudela hirugarren graduan: «Ez dugu ulertzen zergatik gertatzen ari den hori, bigarren graduan dauden askok dagoeneko betetzen dituzte-eta hirugarren mailan eta euskal kartzeletan egoteko baldintzak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.