Zaintza greba

Lan baldintza duinak eskatu dituzte zaintza sektoreko langileek

ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek deitu dute grebara. Egungo zaintza eredua baztertu eta pertsonak erdigunean dituen zaintza eredua bultzatzeko eskatu dute. 

Ehunka izan dira greba egun duten langileak. Irudian, manifestazioa, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko martxoaren 4a
17:06
Entzun

ELA, LAB, CCOO y ESK sindikatuek deituta, zaintza sektoreko langileek greba eguna izan dute gaur Hegoaldean. Adinekoen egoitzetako, etxez etxeko zerbitzuko eta eguneko zentroetako ehunka langile atera dira karrikara, eta sektorearen prekarizazioa salatu eta lan baldintza duinak eskatu dituzte.

Urtarrilaren 26an ere atera ziren kalera, eta orduko hartan bezala, oraingoan ere Eusko Jaurlaritzaren jarduna kritikatu dute. Izan ere, Jaurlaritzak  %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta sindikatuen aburuz, horrek greba eskubidea oztopatu du. ELA sindikatuak Jaurlaritzaren erabakia auzitegira eraman du.

Egungo zaintza eredua aldatzeko eskatu diete sindikatuek Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eta pertsonengan oinarritutako zaintza eredua «berehala» martxan jartzeko. Interes kapitalisten edo alderdikoien aurrean blindatutako zaintza sistema eskatu dute sindikatuek, eta hainbat eskaera egin dituzte: langile guztiak publikoak izatea, ratio nahikoekin zaintza hurbil eta amultsua bermatzen den tokia bermatzea, lan-baldintza duinak izatea, benetako neurriak hartzea genero arrakala ezabatzeko, laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak hartzea eta  langileentzako erreparazio emozionalerako plan bat duen sistema eratzea, pandemiak uzten dituen ondorio larriak, neurri batean behintzat, arinduko dituena.

Martxoaren 8a, ate joka

Bilbon sindikatu bakoitzak bere aldetik egin du martxa, eta udaletxe aitzinean bildu dira denak. Irune Cerezo ELAko eledunak salatu du ezarritako gutxieneko zerbitzuak patronalaren interesekoak direla: «Martxoaren 8rako lau egun falta direla, milaka emakume ezin izan dira kalera atera gaur», oroitarazi du.

Bide beretik jo du LAB sindikatuko Idazkari Nagusi Garbiñe Aranburuk ere. Martxoaren 8rako erakundeek aukeratutako leloak hutsalak direla salatu du, eta nabarmendu du zaintza sistema publiko baten aldeko urratsak egitea ezinbestekoa dela. «Sektoreko langileek ezinbesteko lana egiten dute, eta lan horrek oraingoa baino ordainsari hobea merezi du», nabarmendu du Aranburuk.

CCOO-eko Idazkari Nagusi Loli Garciak nabarmendu du borrokarako eguna dela gaurkoa, eta urte anitzez «ezkutatua» egon den zaintza lanak ikusaraztekoa.

Gasteiz, Iruñea eta Donostian ere manifestazioak egin dituzte sindikatuek. Gasteizen Andre Mari Zuriaren plazan elkartu dira sindikatuetako zutabeak, eta denek batera itzulia egin dute hirigunean zehar. Donostian, berriz, Alderdi Ederretik abiatu da protesta. Iruñean egindako mobilizazioan, halaber, Nafarroako lehen Egoitza Hitzarmena lortzeko beharrezko pausoak emateko eskatu diote foru gobernuari.

Sindikatuez harago, Babestu Bizkaia, Babestu Araba, Gipuzkoako Senideak, pentsiodunen plataformak, kolektibo feministak, Itaia, Irauli Zaintza, Malen etxea eta bertze hainbat elkartek parte hartu dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.