Iñaki Subijana magistratu progresista da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente berria. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren osoko bilkuran izendatu dute, gaur, eta 2010etik iaz arte presidente izandako Juan Luis Ibarra ordezkatuko du. Azkeneko hamar urteotan Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko presidentea izan da, eta, besteak beste, Demokraziaren Aldeko Epaileak elkarteko bazkidea da.
1963an jaio zen, Donostian, eta Azpeitiko epaitegietan hasi zuen ibilbide profesionala. 1992 eta 1995 bitartean, Cadizko Auzitegian aritu zen (Espainia), eta gero Donostiako epaitegian hasi zen lanean. 2001ean Gipuzkoako Auzitegiko magistratu bilakatu zen, eta 2010ean izendatu zuten presidente.
Zigor Zuzenbideko doktore izendatu zuten EHUn, eta esparru horretan irakasle ere izan da. 2002 eta 2009 bitartean Uruguain, Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren izan zen Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aholkularitza lanetan.
Subijanaz gain, beste bost jurista ziren kargurako hautagaiak: Garbiñe Biurrun auzitegi bereko gizarte arloko presidentea —Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak berriro aukeratu du—, azkeneko zortzi hilabeteotan Ibarra behin-behinean ordezkatu duena; Maria Mercedes Guerrero Arabako Probintzia Auzitegiko presidentea; Edorta Josu Etxarandio Nafarroako Probintzia Auzitegiko magistratua; Antonio Garcia EAEko Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor arloko salako epailea,;eta Luis Angel Garrido EAEko administrazioarekiko auzien salako presidentea —COVID-19aren intzidentzia handieneko tokietan ere ostalaritza irekitzeko ebazpena egin zuen, aurreko hilabetean—.
Gehiengoa kalifikatua behar da EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea izendatzeko, eta Subijana bigarren bozketan izendatu dute: haren hautagaitzaren alde bozkatu dute Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 21 kideetatik hamahiruk.
Behin-behinekotasunean
Organo horrek bi urte eta hiru hilabete daramatza behin-behinean funtzionatzen, eta, hainbat tirabiraren ondoren, hura berritzeko PSOEren eta PPren arteko negoziazioak blokeatuta daude orain. Iturri judizialak aipatuz Espainiako zenbait hedabidek kaleratutakoaren arabera, kontseilu nagusiko zenbait kideri iruditzen zaie ez dela zilegi behin-behineko egoeran izendapenak egiten jarraitzea. Gehiengo kontserbadorea du kontseiluak.