Atxiloketak

Nafarroan bost gazte atxilotu dituzte Hasel espetxeratzearen kontrako protesten harira

Otsailaren 20ko manifestazioaren ondoren sorturiko istiluetan parte hartzea egotzi diete. Beste bik Espainako Poliziaren komisaldegian deklaratzera joateko agindua jaso dute.

Haselen espetxeratzearen aukako protesta bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2021eko martxoaren 4a
11:37
Entzun

Nafarroako Ahotsa.info webguneak jakinarazi du Espainiako Poliziak bost gazte atxilotu dituela. Pablo Hasel rap abeslari katalana espetxeratu ondoren eginiko protesta ekintzetan parte hartzea leporatu diete; zehazki, otsailaren 20an Iruñean eginiko manifestazioaren ondoren piztutako istiluetan. Bost atxilotuez gain, beste bik deklaratzera joateko agindua jaso dute.

Desordena publikoak egotzi dizkiete. Atxilotuetako bat aske dago jadanik, webgunearen arabera.

Protesta ugari egin zituzten otsailaren amaieran, musikaria espetxean sartu izana gaitzesteko.

Iruñerriko GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta egin zuten manifestazioa, eta protestaren amaieran hasi ziren istiluak. Espainiako Poliziak jakinarazi zuenez, bi lagun atxilotu zituzten. Iluntzean, Errekoleten plazatik abiatu zen ia mila lagun bildu zituen manifestazioa, eta Sarasate pasealekuan bukatu zen. Manifestazioan, adierazpen askatasunaren aldeko eta polizia indarren aurkako aldarriak egin zituzten. Amaieran gertatu ziren istiluak. Arratsaldetik Espainiako polizia ugari zeuden Iruñeko alde zaharrean, eta, azkenean, manifestariei oldartu zitzaizkien poliziak. Manifestariek kontainer batzuk erre zituzten, eta poliziei harriak ere bota zizkieten.

Iruñerriko GKSk salatu zuenez, Poliziaren presentzia arratsaldetik izan zen «itogarria», eta agenteek jarrera oldarkorra eta probokatzailea izan zuten hasieratik, «ondoren gertatuko zenaren testuingurua prestatuz». Azaldu zuten Pablo Hasel aske uztearen aldeko protestak «detonatzaile modura» ikusten dituztela. «Ulertzen dugu mobilizazioak oinarrizko askatasunen urraketaren eta hondamendi ekonomiko eta sanitarioak eragindako ezinegonaren ondorio direla». Azkenik, «masa komunikabideen desitxuraketa eta kriminalizazioa» salatu zuten, eta hitzeman askatasun politikoen alde lanean jarraituko dutela.

Bartzelonakoak, espetxera

Atzo, Bartzelonan, epaileak bermerik gabeko espetxealdia ezarri zien joan den larunbatean hirian izandako istiluetan atxilotutako zortzi pertsonei. Pablo Hasel rap kantaria espetxeratzearen kontrako manifestazio bat izan zen Bartzelonako kaleetan, eta istilu larriak izan ziren horren ondotik.

Atxilotutako zortziei hilketa saiakera, agenteen aurkako atentatu saiakera, talde kriminaleko kide izatea, desordena publikoa eta legez kontrako manifestazioa egitea egotzi diete. Zortzi atxilotuek atzo deklaratu zuten Bartzelonako 17. Instrukzio epaitegian, eta, Kataluniako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, beren defentsaren galderei bakarrik erantzun zieten.

Poliziaren atestatuaren arabera, larunbatean, Pablo Hasel rap kantariaren espetxealdia salatzeko egindako manifestazioaren ondoren, zortzi atxilotuek Bartzelonako Udaltzaingoaren furgoneta bat erre zuten. Mossoen arabera, atxilotuak ideologia anarkistako talde bateko kideak ziren, eta «indarkeria oso handiz» jarduten zuten, banketxeak, dendak eta hiri altzariak hondatuz.

Otsailaren 16an Pablo Hasel atxilotu zutenetik, etengabe izan dira manifestazioak Bartzelonan. Protesta horietako askotan istiluak izan dira, eta Mossoak oldartu egin zaizkie manifestariei. Protestak izan ziren lehen egunean, otsailaren 16an, manifestari batek begi bat galdu zuen foam bala batek jota.

Podemoseko Echenique ikertuko dute

Espainiako Auzitegi Nagusiak Pablo Echenique ikertuko du, Haselen kontrako zigorraren inguruan idatzi zuen txio batengatik. Echenique Unidas Podemos taldeko eleduna da Kongresuan.

«Nire sostengu osoa kaleetan adierazpen askatasuna eskatzen ari diren gazte antifaxistei. Atzo Bartzelonan, gaur Puerta del Solen», idatzi zuen Echeniquek otsailaren 17an. Txioan, diputatuak eskatu zuen ikertzeko Bartzelonan manifestari bati begia lehertu izana.

Polizien elkarteak salatu zuenez, Echeniquek txioa egin zuenerako «jakina zen bilkuran parte hartzen ari zirenak zer indarkeria egoera sortzen ari ziren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.