Bilbo Zaharra Foruma

Bernart Etxepare bere testuinguruan

‘Linguae Vasconum Primitiae’ idatzi zen garaia nolakoa zen xehatu dute Patri Urkizu eta Iñaki Aldekoa adituek. Etxepare errenazimenturako trantsizioan bizi izan zen arren, haren aurreko paradigma jarraitzen du

Iñaki Aldekoa eta Patri Urkizu, atzoko hitzaldian. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko martxoaren 3a
11:31
Entzun

Erdi Aroaren eta Errenazimentuaren arteko jauzi betean bizi izan zen Bernart Etxepare, XV. mendearen bukaeraren eta XVI.aren arteko garai «istilutsuan», Patri Urkizu ikertzailearen hitzetan. Ezin jakin Etxepare noiz eta non jaio zen zehazki, baina, halere, argi dute adituek zer testuingurutan garatu zen haren bizitza eta, ondorioz, nondik edan zuen euskarazko lehen liburu idatziak, Linguae Vasconum Primitiae-k. Klasiko hori irakurriko dute ekainean Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako irakurketa jarraituan, eta lanaren nondik norakoak ulertzeko zenbait gako eman zituzten atzo Urkizuk eta Iñaki Aldekoa EHUko irakasleak Bilbo Zaharra forumeko lehen ekitaldian.

Hala, lehen euskal idazlearen jaiotza dokumentaturik ez dagoen arren, bere bizitzako hainbat mugarri ezagunak dira, horien berri ematen dituzten agiriak aurkitu baitira. Esaterako, Urkizuk Orreagako (Nafarroa) kolegio elizako pergaminoen artean aurkitutako dokumentu bati esker da ezaguna 1511n Baionako apezpikuak Eiheralarre eta Zaroko apaiz (Nafarroa Beherea) izendatu zuela Etxepare. Ikerlariak azaldu zuenez, bi zati izan zituen haren bizitzak, noble izan baitzen hasieran eta elizgizon ondoren, eta agiri horrek ezarriko luke trantsizioaren urte zehatza. «40 bat urterekin eman zuen saltoa: 1470 eta 1480 urteen artean jaio zen, beraz», Urkizuk zehaztu.

Trantsizio garaia zen, hortaz, eta erlijioari zegokionez ere «nahasia» zen, Aldekoak nabarmendu zuenez. Rotterdameko Erasmoren doktrinak oihartzuna hartua zuen, baina Eliza katolikoak artean ez zuen haren inguruko iritzi ofizialik agertu, Trentoko (Italia) kontzilioan erabaki baitzuten ortodoxiatik kanpo uztea. «Erlijio ikuspegi eraberritua sartuta zegoen, baina bazegoen ortodoxia bat ere; gauza bitxiak gertatzen ziren». Adibidez, irakasleak azaldu zuenez, Juan de Zumarragak 1547an argitara emandako doktrinarekin jazotakoa: «Erasmoren esaldi eta ideia mordoa ditu, baina ez du Erasmo aipatzen».

Originaltasunaren kontzeptua

Garai gorabeheratsuek eragina izan zuten Etxeparerengan ere, eta, Zumarragak eta beste hainbat doktrina egilek bezala, orduko ideiak agertzen ditu autoreak ere, euskarara itzulita. Izan ere, Aldekoak azaldu zuenez, trantsizio betean egoteagatik, garaian ohikoak ziren ezaugarri batzuk erabat aldatu ziren urte gutxiren buruan, eta, horrenbestez, ez datoz bat gaur egungo paradigmarekin. Ezaugarri horietako bat da, esaterako, originaltasunaren kontzeptua, artean ezezaguna zena: «Originaltasuna XVIII. mendetik hona datorren kontzeptua da». Irakaslearen hitzetan, «Etxeparek darabilen iruditeria ez zuen berak asmatu. Modu naturalean erabili zuen corpusa. Kultua zen, eta irudi eta gai horiek irakurri eta jaso zituen».

Gainontzeko literaturetako eztabaidak «presente» daude Etxepareren obran ere, eta sistema horiekin partekatzen ditu orobat hainbat eta hainbat ertz: «Pasadizoak, irudiak... denak dira berak». Halaber, mundu kristauko topikoak ere bere egiten dituela adierazi zuen Aldekoak: mater dolorosa, dies irae, ubi sunt... baita San Agustinenak ere, zehaztu zuenez: «Arimak hiru ezaugarri dituela esan zuen De Trinitate-n: memoria, borondatea eta ezagutza». Horiek ditu Linguae Vasconum Primitiae-n ere.

Irakasteko modu ezberdinak

Orotara, 1159 bertso ditu Etxepareren obrak: horietatik 595 erlijiosoak dira, ama birjinaren omenezko olerki luze bat dago ondoren, eta zortzi olerki erromantikorekin biribiltzen da lana. Hauek sexuaz hitz egiten dute, besteak beste, eta modu «gordinean», gainera, Aldekoaren iritziz. Ezaugarri horrek harritu egin zituen Etxepareren ondotiko ikertzaile eta autoreak, are Oihenart ere. Paradigma aldaketak azalduko luke Etxepareren jarduteko modu hau, Aldekoak azpimarratu zuenez. «Nola idatz zezakeen halakorik apaiz batek? XVI. mendetik aurrera erabaki zen irakasteko hobe zela bizioak ezkutatzea, agertzea baino».

Alabaina, eredua oraindik ez zen hori Etxepareren garaian, eta beren esplizitutasunean agertu zituen ustezko bekatuak, ama birjinaren gorazarrearen ondoren kokatu ere. Hura zen «maitasun eredugarria» autorearentzat, eta, ondorioz, «maitasun profanoaren aurrean» paratu zuen: «Ama birjinaren araztasunak intentzio ilunenak ere purifikatzen ditu, begiratze hutsarekin». Hortaz, zortzi poemok egin behar ez zenaren eredu gisa agertu zituen autoreak. Areago, irakaspenak indar gehiago izateko, ohikoa zen didaktismo ariketa horretan predikaria bekatarien artean agertzea, eta hala egin zuen Etxeparek ere bere buruarekin: «Bere esperientziaren bidez bekataria uxatzen du bide horretatik», Aldekoak adierazi zuenez.

Ahozko tradizioarekin lotura

Etxeparek bereganatutako topikoetatik, apaizari egotzitakoetara egin zuen jauzi Aldekoak. Izan ere, irakasleak esan zuenez, hedatua dago Linguae Vasconum Primitiae herri poesiatik eratorri zelako hipotesia, apaizak herrian entzundakoak paperera eraman zituen ustea. Aldekoak zalantzan jarri zuen azalpen hori: «Kultura anfibioa zen garaikoa: hau da, idatzitik ahozkora jauzi egitea oso erosoa zen, eta alderantziz». Irakasleak azaldu zuenaren arabera, litekeena da bidea alderantzizkoa izatea: alegia, Etxepareren doktrinek bidea egitea, paperean ez ezik, herritarren memoria eta ahotsen bitartez. «Badakigu garaiko apaizen doktrina batzuk memorian gorde eta XVIII. mendera arte gelditu zirela haien arrastoak. Poeta herritik elikatzen den ustea Erromantizismoak ezarritako paradigmaren zati da».

Urkizuk bat egin zuen Aldekoaren hipotesiarekin: «Doktrina irakastean kantarazi egiten zien Etxeparek herritarrei». Garaiko kanta horien arrastoak Azkue eta Aita Donostiarengana heldu ziren, azaldu zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.