Martxoaren 3a

Sarraski baten gaineko hamaika doinu

Martxoak 3 elkarteak sarraskiari buruzko abestiak bildu ditu 45. urteurrenean. Hogei kantu baino gehiagoko zerrenda bat osatu dute Lluis Llach, Gorka Knorr, Zarama eta Betagarriren lanekin, besteak beste.

Martxoak 3 elkarteak egin duen bildumaren irudi bat. MARTXOAK 3 ELKARTEA
Andoni Imaz
2021eko martxoaren 2a
21:37
Entzun

1976ko martxoaren 3an, Poliziak tiroz hil zituen Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo, Pedro Martinez Ocio eta Bienvenido Pereda langileak, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan izandako istiluetan. Langileek deituriko batzar bat egiten ari ziren elizan, eta, hura husteko, bortitz jardun zuen Poliziak: bost langile hil eta beste ehunka zauritu zituen. Gaur bete dira 45 urte.

Lander Garciak, Twitterreko @Landerlandia erabiltzaileak, Martxoaren 3ari buruzko 22 kanta bildu ditu txio kate batean. Martxoak 3 elkarteko kidea da Garcia, eta kantu horiei buruzko azalpen batzuk eman ditu Hala Bedi irratiko Eh txo! irratsaioan ere. «Litekeena da musikan islarik handiena duen errepresiozko ekintza politikoa izatea Euskal Herrian», haren arabera.

Bi arotan banatu du kantu sorta: batetik, sarraskiaren hurrengo urteetako erantzuna dago; eta bestetik 2000. urteaz geroztik ondutako musika, «memoria historikoa» kontzeptuaren hedatzeak eraginda, besteak beste.

Adierazgarria da 1976an bertan lau kanta sortu zituztela gertakarien gainean. Lluis Llach kantautore katalanak arratsalde horretan bertan egin zuen Campanades a morts, eta horregatik hitz egiten du hiru hildakoz, hiru kanpaiez, une horretan Aznar, Barroso eta Martinez Ocioren heriotzaren berri zuelako soilik. «Gasteizko grebaren prozesuari buruzko obra handia» da Llachena Garciarentzat, «lehen egunetik elkartasuna eta salaketa adierazten dituen requiem bat».

1977an, Llachek bira bat egin zuen Mikel Laboarekin batera Euskal Herrian, Campanades a morts diskoa aurkezteko, eta orduan jo zuen aurrenekoz kantu hori Gasteizen, Mendizorrotzan. 2006an, Martxoaren 3ko sarraskiaren 30. urteurrenean, berriro jo zuen abestia. Horren zati bat erakusten du bideo honek:

[youtube]https://youtu.be/okdpORaatiQ[/youtube]

Gorka Knorrek ere egin zuen kantu bat urte hartan bertan. Ez dago bere diskoetan, baina 1976ko irailean Donibane Lohitzunen (Lapurdi) eman zuen kontzertu baten grabaketa jarri zuen Interneten. Hain zuzen, Lluis Llachekin eman zuen kontzertua. Grabaketaren 03:50 eta 07:50 minutuen artean dago kantua.

Urte hartan, Juanjo Urangak Martxoak hiru izeneko abesti bat sortu zuen. Urteetan ezkutuan egon den arren, iaz berreskuratu zuten, Sabin Salaberriren laguntzarekin, eta A Tempo abesbatzak esreinatu zuen, Oihanederren. Iazko martxoaren 3an, abesbatzak Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bertan kantatu zuen abestia. «Lehen abestiak hausturaren eta diktaduraren erreformaren arteko gatazka betean sortutakoak dira», Garciak Alea aldizkarian idatzi duenez.

Zaragozako (Espainia) Adeban taldeak, Francoren diktaduraren kontrako mugimendu politiko eta kulturaleko ikur batek, Vitoria izeneko kantu bat ondu zuen. Elgoibarko (Gipuzkoa) Koska taldeak, berriz, Zaramagako boza abestia sartu zuen 1979an argitaratutako Bihozkadak diskoan. Euskarazko rockaren aitzindarietako bat izan zen taldea.

Handik urte batzuetara, Zarama taldeak Gasteizko gaua izeneko kantua egin zuen. Zaramaren erdian singlean sartu zuten (1983), baita Indarrez izeneko lehen lan luzean ere (1984).

2001. urtean hasi zen Martxoak 3 elkarteak bildutako kantuek osatzen duten bigarren aroa. Estiloen nahasketa nabarmenagoa da bolada horretan. Miel de Hiel metal taldeak Justicia (Vitoria-Gasteiz 1976) kanta sortu zuen; Mossin Nagant punk-oi taldeak, berriz, Gasteiz 3-3-1976, 2005ean; eta Betagarri ska taldeak, 1976 martxoak 3, 2006an, 30. urteurrenean. Garai horretako salaketek «ahanzturan eta zigorgabetasunean oinarritutako Espainiako trantsizio eredua zalantzan jartzeko» balio izan zutela uste du Garciak.

[youtube]https://youtu.be/8sjN-eUlIiA[/youtube]

Garai horren bueltan atera ziren Uraitz Soubiesen Martxoak 3 de Marzo pieza, Silikonayren Tres de marzo, Xuorumen 3 de marzo eta Rockainaren 3 de marzo de 2010. Sarraskiaren 30. urteurrenean herritarrek protesta egin zutenean Ertzaintza oldartu izana salatu zuten azken kantu horretan. Twitterreko beste erabiltzaile batek El Trono de Judasen 76Martxoak3 abestia gehitu du zerrendara; 2011koa da.

2017an, Soziedad Alkoholika talde gasteiztar entzutetsuak No olvidamos, 3 de Marzo kantu indartsua eman zuen argitara, Sistema antisocial diskoaren barruan.

[youtube]https://youtu.be/OfYftMNaWlk[/youtube]

Ordutik, beste hainbat kantu sortu dituzte gertakariaren inguruan: Jose Blancoren 3 de marzo, 1976; Inurri Gorriren Martxoak 3: mila bala, bost izar; eta Aceraren Asteazken (76/3/3), besteak beste. Gainera, azken horren bertsio bat egin zuen Skabidean taldeak.

[youtube]https://youtu.be/OulaD_InAoc[/youtube]

2019koa da Memoriaren barrikada, Gasteizko Errekaleor auzotik sortua, han bizi izan baitzen Romualdo Barroso, Poliziak Martxoaren 3an hil zuen arte. Urte hartakoa da Azken Hatsaren Quisiera pensar; iazkoa, berriz, Jon Garairen Martxoak 3 Gasteiz 1976; eta aste honetan bertan atera dute El Callejon de Cacha eta Handicap taldeek Tres del tres abestia.

[youtube]https://youtu.be/EiMypLn-mEE[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.