Ogasuna

Bizkaitarren errenta aitorpena: etxetik eta «errazago»

Zordun guztiei bidaliko die postaz errenta aitorpenaren proposamena, eta kanpainaren hasiera hilabete aurreratu du. Prozesua telefonoz eta Internetez egin ahal izango da, eta «zailtasun handiak» dituztenak aurrez aurre artatuko ditu.

Iñaki Alonso Bizkaiko ogasuneko zuzendari nagusia zordunek jasoko duten eskutitza azaltzen. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko martxoaren 2a
13:40
Entzun

«Errenta aitorpena inoiz ez da hain erraza izan»: horrela laburbildu du Iñaki Alonso Bizkaiko Ogasuneko zuzendari nagusiak aurtengo Bizkaiko errenta aitorpenaren kanpaina. Lurraldeko zordun guztiek etxean jasoko dute proposamena. Apirilaren 6an hasiko dira eskutitzak iristen, eta zordunak onartu edo errefusatu ahalko du telefonoz, Internet bidez edo webgunea edo aplikazioa erabiliz. Agiri edo informazio gehiago eskatuko baliote, modu telematikoz osatu beharko lukete. Kobratu behar izanez gero, astebeteko epean jasoko da dirua, eta ordaindu behar izanez gero, uztailaren 6an pasatuko da kontutik.

Bizkaiko Ogasunak, beraz, 560.000 inguru errenta aitorpen bidaliko ditu eginda. Iaz zordunen %55ek bakarrik jaso zuten proposamena etxean, eta besteek euren gain hartu behar zuten: 200.000 inguruk euren kasa eta 63.000k bankuen bitartez. Aurten harreman hori aldatu egingo da, eta zordun guztiek jasoko dute etxean. «Baita langile autonomoek eta aurkeztera behartuak ez daudenek ere», azaldu du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak. «Autonomoei eurek aurkezturiko diru sarreren arabera kalkulatuko diegu, eta hurrengo urtean, Batuz sistemari esker, baita BEZaren deklarazioa ere. Behartuta ez daudenek, berriz, urtean 20.000 euro baino gutxiago jasotzen dutenek, beraiek erabakiko dute komeni zaien edo ez». Esaterako, 75 urtetik gorako bizkaitarren erdia ez dago behartuta.

Aldundiak 32 eskutitz eredu diseinatu ditu kasu guztietara egokitzeko: ezkonduak, ezkongabeak, gurasoak, autonomoak, langile arruntak… Zordunek etxean jasoko duten eskutitzak hiru orrialde ditu. Aurrenekoan, aitorpenaren laburpena agertuko da, eta bertan argi azalduko da kobratu edo ordaindu egin behar den, eta nola onartu edo errefusa daitekeen; bigarrenean, agertuko da nola zehaztu norbanakoaren Bak kodea eta nola izan harremana Internet bidez; eta hirugarrenean, sarbide kode pertsonala agertuko da. Azken hori aholku emaile bidez egitea nahi dutenentzat da, eta lehen ere bidaltzen zen.

Izapidea telefonoz egiteko aukera ere egongo da, 946083000 telefono zenbakian. 290 pertsona egongo dira arretan, eta 10.000 dei hartuko dituzte egunean. Galdera argia da: eta teknologia eta telefono bidez aritzeko arazoak dituen jendearekin? «Telefonoaren beste aldean pertsona bat egongo da, eta hark ikusten badu deitzaileak moldatzeko arazo handiak dituela, bulego batera joatea gonbidatuko dute», azaldu du Alonsok. Eta aurrez aurreko harrera hori espresuki eska daiteke? «Telefonoz azalduko zaio prozesua, eta pertsona horrek uste badu bulegoan eginda bakarrik egongo dela lasai, emango diogu hitzordua. Zalantzarik gabe».

Alonsok, halere, azaldu du ez dela pertsona nagusiengan ardaztu behar balizko ezintasun hori. Iaz aitorpena aurrez aurre egin zuten gehiengoa ez ziren adinekoak izan, ezta bankuen bitartez aurkeztu zutenak ere. Kasu horietan, arretarako erreminta telefonoa izatea espero dute. Alonsok, halaber, datu deigarri bat eman du: «Danimarkan duela bost urte hasi ziren honekin. Aldeak alde, hara pixka bat begiratu dugu. Zalantza gehien erregistratu zuen adin tartea 18-30ekoa izan zen; teknologia menderatu bai, baina hizkuntza ezagutzen ez zutelako». Ildo horretan, eskutitzetan hizkuntza teknikoa ez erabiltzen saiatu dira.

Kanpaina apirilaren 6an hasiko bada ere, webgunea prest dago hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.