Gorka Knorr musikari eta politikariak bere fitxategi pertsonaletako aleak sare sozialetan argitaratzen jarraitzen du. Aurrekoan, lehenengo kontzertua eman zueneko argazkiak plazaratu zituen, eta gogoratu zuen orduan Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur izan zuela laguntzaile gitarrarekin, hau da, urte batzuk geroago desagerraraziko zuten ETA pm-ko kidea.
Oraingoan, amak idatzitako gutun bat argitaratu du. «Neure ama, Teresa Borras, benetako Ama kuraia izan zen», idatzi du Twitterren. «Begira zer esaten zion bere parrokiako apaizari, zeinak gonbidatzen zuen 'Francisco estatuburuaren' alde otoitz egitera». Knorrek nabarmendu du gutuna 1975ko maiatzaren 7koa dela, eta, beraz, diktadorea oraindik bizirik zegoenekoa. Urte hartako azaroaren 20an hil zen.
Bere semeek pairaturiko torturen salaketa gordina egin zuen Borrasek gutunean, eta, apaizari esan zion pentsatzeko biktimak nola sentitzen diren Francoren alde otoitz egiteko eskatzen entzuten diotenean.
Juan Ruiz De Escudero apaizari bidali zion Borrasek gutuna, Gasteizko San Pedroko parrokiara. Horko eliztarra dela adierazten dio testuan, eta Enrike Knorren «eta beste 11 seme-alabaren» ama. Azaltzen dio seme-alabetako sei pasatu direla kartzeletatik, eta apaizak horietako bat (Enrike) ezagutzen duela gogorazten dio, Ramiro de Maeztu institutuan lan egin baitzuen, elizgizonak hura zuzentzen zuenean.
Borrasek kontatzen du Enrikek urtebete egin duela preso Langraiz Okako kartzelan, eskolak emateko materiala erosi ondoren Baionatik bueltan atxilotua izan ostean. «Guardia Zibilak Irunen [Gipuzkoa] duen kuartelera eraman, eta hamabi orduz modu basatian jipoitu eta torturatu zuten». Seme-alabetako beste hiru Bartzelonan bi urte lehenago atxilotu zituztela gaineratzen du: «Horietako bi adin txikikoak ziren. Hori ez zen oztopo izan tratu krudela jasotzeko». Kontatzen duenez, Jose Luis gazteari eskuak bizkarrean lotu zizkioten, orkatilaren altueran, eta horrela zegoela etengabe ibiltzera behartu zutela. «Nekearen nekeaz ibiltzeari uzten zionean, kanaberekin jotzen zuten Brigada Sozialeko bi morroik».
Iraganeko kontua dela adierazten du Borrasek gutunean: «Gorpu zaurituak sendatu ziren, baina nire ama arima haragi bizitan dago oraindik». Baina, orduan, zuzenean heltzen dio apaizari: «Xehetasun horiek guztiak ematen dizkizut irudika dezazun nola sentitzen naizen ordu bateko mezetan entzuten zaitudan bakoitzean 'gure estatuburu Franciscoren alde' otoitz egiteko eskatzen».
Inoiz torturatuen, presoen eta erbesteratuen alde eskatzea justuago ez ote zen izango galdetzen dio Borrasek De Escuderori. «Kristaua izanik, nik neure borreroen alde egin dezaket otoitz», bukatzen du. «Baina sobran ditut aldaretik eginiko gomendioak».
Erreakzio ugari izan ditu gutunaren txioak.
La meva mare, Teresa Borràs, era veritablement una mare coratge.
— Gorka Knörr. (@GorkaKB) March 1, 2021
Mireu el que li deia en una carta a un capellà de la seva parròquia que esmentava e invitava a pregar pel “Jefe del Estado Francisco”. La carta es de data 7 de maig del 1975. Encara vivia el Caudillo. pic.twitter.com/LMqvEUGLas
«Zure ama oso ausarta zen, miresgarria da haren adorea; gutunak emakume berezia erakusten du», idatzi du Twitterren erabiltzaile batek.
«Gutun honek merezi du errepresioaren museo batean egotea», beste batek.
Juan Ruiz de Escudero izeneko apaiz bat agertzen da Jose Migel Barandiaran apaiz eta antropologoaren egunkarian. Haren izena duen fundazioak 2010. urte aldera argitaratu zituen haren testu pertsonalok, hainbat liburukitan. Horietako zortzigarrenean daude 1936tik 1953rako oharrak, hau da, Barandiaran Saran (Lapurdi) errefuxiatu egon zen garaikoak. Horietan, Francoren menpe pairatzen ari zen errepresioaren inguruan idatzi zuen, eta horien laguntzaile ziren hainbat apaiz aipatu.
1937ko urtarrilaren 12an Baionara joan zela eta Jaime Aranburu izeneko batekin topo egin zuela kontatzen du. Gasteizen gertatzen ari zirenen berri eman ziola hark, eta, besteak beste «legezko hilketak» nola egiten ari ziren kontatu ziola. Garbiketa ideologikoan parte hartzen ari ziren apaizen berri eman zion, eta horretan Gasteizko Institutuan eskola bat emateko ardura jaso berri zuen Juan Ruiz de Escuderoren berri eman zion. De Escudero «Elizbarrutiko Apaiztegiko idazkaritzan sartu zen behin Siguenzako [Guadalajara, Espainia] Yaben kanonigoarekin, eta hari esan zion han zeudenen aurrean: 'Apaiztegi honetako irakasleak kargugabetu beharko lituzkete, txatxuak eta baboak izategatik'».
Teresa Borras, «ama kuraia», Gandesan (Katalunia) jaio zen, 1918an, eta 2009an hil zen, Gasteizen. Hamar seme —tartean Gorka, eta Henrike Knorr euskaltzain eta idazlea— eta alaba bat munduratu zituen (irudian, Knorr-Borras sendi osoa).