Euskal Herria Ipar hemisferioko 43. paraleloaren inguruan dago. Marra horri Ozeano Atlantikoaren beste muturreraino jarraituz gero, AEBen iparraldea dago, New York esaterako, eta Kanadaren hegoaldea, Ontario aldea. Ezagunak dira hango negu gogorrak. Zergatik da klima askoz epelagoa Euskal Herrian? Erantzuna ezaguna da: Golkoko itsaslasterrarengatik.
Ur laster horrek ur beroa darama Mexikoko golkotik Atlantikoaren iparraldera. Han hozten da berriz, eta hegoalderantz egiten du, Ameriketako kostatik. Horren ondorioz, ura epel eta heze heltzen da Europako Atlantikoko kostaldera, eta, horri esker, klima askoz epelagoa da ozeanoaren alde honetan. Horren araberako animaliak eta landaredia dauka mendebaldeko Europak. Baldintza gozo horiek arriskuan egon daitezke, ordea.
Iturria: PIK
Azken urteotan, zientzialari askok esan dute Lurra berotzeak berekin ekar dezakeela itsaslaster hori ahultzea. Oraindik ez dago frogaturik, baina aldaketa horren beste zantzu bat topatu dute Alemaniako Potsdam Institute for Climate Impact Research (PIK) erakundeko zientzialariek. Adierazi dutenez, ur lasterra ez da inoiz gaur baino ahulagoa izan azken mila urteotan.
Irlandako, Erresuma Batuko eta Alemaniako zientzialari talde batek egin du ikerketa, eta atzo plazaratu zuten. Itsasoko sedimentuak eta izotza aztertuta, ur lasterraren historia berriz eraiki dute, ehunka urtez atzera eginda. Ondorioztatu dutenez, itsaslasterrean «XX. mendean bezalako geldotzerik ez da izan azken milurtekoan, eta, ziurrenera, zerikusia du gizakiek eragindako klima aldaketarekin».
PIK institutuko Stefan Rahmstorf klimatologoak lehen ere egin dituen ikerketek frogatu egin dute XX. mendearen erditik hona lasterra %15 geldotu dela. «Baina epe luzerako garapenaren argazki argiagoa behar zen», adierazi du PIKek. Ikerketa honek emango luke irudi hori.
Izan ere, mekanismoaren azken 1.600 urteen datuak bildu dituzte zientzialariok. «Emaitzek erakusten dute itsaslasterra egonkor samar egon dela XIX. mendea amaitu arte», esan du Rahmstorfek, baina 1850. urte inguruan hasi bide zen ahultzen. Nazio Batuen erakundeak 1988an osatutako IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak txosten berezi bat egin zuzen 2019an, eta «segurtasun ertainarekin» eman zuen frogatutzat itsaslasterra ahuldu zela. Ikerketa horrek «froga independente gehiago» emango lituzke, Rahmstorfek esan duenez.
Itsaslasterrak segundoko 20 milioi metro kubo mugitzen ditu, ia Amazonas ibaiak halako ehun. Ekuatorean itsasoaren azalean beroturiko ura eramaten du iparraldera. Han hoztu egiten da, eta, dentsitate handiagoa duenez, hondoratu egiten da. Hori da ur lasterra mugitzen duen mekanismoa. Baina, Lurra berotzen ari denez, mekanismoa eraldatzen ari da: euri gehiago egin eta Groenlandiako izotza urtu izanak ur geza gehiago eramanarazten du itsasora. Horrek gatz kontzentrazioa gutxitzen du, ez dio dentsitatea irabazten uzten, eta, ondorioz, ez da lehen bezainbeste hondoratzen. Horrek geldotzen du ur lasterraren motorra.
Azken egunotan, beste ikerketa batek baieztatu eta indartu egin du susmoa. Washingtongo Unibertsitateko ikertzaileek ondorioztatu dute ur geza pilatzen ari dela Ozeano Artikoan. Beaufort itsasoaren (Kanada eta Alaska) ur geza %40 handitu da azken 20 urteotan, eta, ikusi dutenez, ur hori Labradorko itsasora isuriko da.
Simulazio honetan ikusten da ur geza Beauforteko itsasotik Labradorko itsasora isurtzen /Francesca Samsel eta Greg Abram
«Badakigu Ozeano Artikoan ikusten direla klima aldaketaren zantzurik handienak», esan du Washingtongo Unibertsitateko Klimarako Institutu Kooperatiboko Wei Chengek. Ikerketaren sinatzaileetako bat da. «Oraintxen, ur geza hori oraindik Artikoan dago harrapaturik. Baina ateratzen hasten denean, eragin ikaragarria eduki dezake». Eragin hori batez ere, Golkoko itsaslasterrean edukiko duela nabarmendu dute.
Ondorioak Atlantikoan
Zer ekarriko du Golkoko itsaslasterra geldotzeak? Zientzialarien modeloek aurreikusi dutenez, hainbat eragin ekarriko dizkie Atlantikoaren bi aldeetan bizi diren gizakiei. «Ur lasterra geldu ahala, Lurraren errotazioaren eraginez, ur gehiago pilatuko da AEBetako ekialdeko kostaldean, eta itsasoaren maila igotzea areagotuko du», esan du Levke Caesar ikerketaren beste egileetako batek. «Europan, litekeena da muturreko eguraldi fenomeno gehiago ekartzea». Adibidez, Atlantikotik euskal kostara heltzen diren neguko ekaitzak aldatuko dira, eta litekeena da bortitzagoak izatea. Beste ikerketa batzuen arabera, muturreko beroaldiak eragingo ditu, eta lehorteak udan.
Ikertzaileok ohartarazi dutenez, gizakiek klima berotzen jarraitzen badute, itsaslasterra %34-45 ahulduko da 2100. urterako, eta, horra heltzen bada, erabat ezegonkor bihur daiteke. Horren ondorioak ez dago aurreikusterik.