Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroak antolaturiko ekitaldi batean parte hartuko du heldu den martxoaren 4an. Izan ere, zentroak ETAren eta GRAPOren armak suntsituko dituen ekitaldi sinboliko bat antolatu du egun horretarako. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak Gasteiza egindako bisitan eman du ekitaldiaren berri.
Hain zuzen, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuarekin biltzeaz gain, Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroko zuzendari Florencio Dominguezekin ere elkartu da Grande-Marlaska. Zentroa «datozen asteetan» inauguratuko dutela jakinarazi dute, eta haren irekitzea prestatzeko bildu dira gaur Gasteizen. «Terrorismoaren biktimek presentzia handia» izanen duten bertzelako ekitaldi batzuk ere prestatzen ari dira, aurreratu dutenez.
Martxoaren 4ko ekitaldian ETAri eta GRAPOri kendutako 1.000tik gora arma suntsituko dituzte «sinbolikoki», zehaztu dutenez.