Alderdiak

Nafarroako Ahal Dugu zuzentzeko hautagaitza aurkeztu du Ainhoa Aznarezek

Nafarroako Parlamentuko presidente ohiaren hautagaitzak antolaketa arazoei aurre egitea eta berdintasunerako bidea jorratzea ditu ardatz.

Aznarez, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko otsailaren 26a
11:51
Entzun

«Denentzat bizitza duin bat bermatzen duen horizonte berde, eraldatzaile eta feminista bat duen herri mugimendua finkatzeko borroka egingo dugu». Asmo horrekin aurkeztu du Ahal Dugu-ren Nafarroako Parlamentuko kide Ainhoa Aznarezek alderdiaren Nafarroako koordinatzaile izateko hautagaitza. Azaldu duenez, erabaki horrekin, egiturak dituen «antolaketa arazo eta beharrei konponbideak bilatu» nahi dizkie. Aurrean, Begoña Alfaroren Reinicia Podemos hautagaitza izango du.

Aznarezek jakinarazi du lurraldeko hainbat herritako kideekin bildu dela azken asteetan, haiek entzuteko asmoz. Hala, proposamenen artean aipatu du «errepikakorrak» izan daitezkeen egituren murrizketa bat egitea, egun dituzten baliabideetara egokitzeko, eta «genero berdintasunarekin konpromiso sendoa» adieraztea. Bide horretan, berdintasuna ardatz izan behar dela azpimarratu du, «eredu barruan trataera zehatz bat emanda».

Era berean, «zirkuluak» alderdiaren indargune direla nabarmendu du, eta horiek sendotzeko lan egiteko asmoa adierazi, «kaleak eta plazak, gertutasuna eta egunerokotasuna errekuperatzeko» ikuspegi berri bat bultzatuz: «Zirkuluek garrantzi berezia dute horretarako, gizartearen bihotzetik sortuak baitira». Zirkuluak indartzeaz gain, barne eztabaida «zabaltzeko eta demokratizatzeko» pausoak ere iragarri ditu. 

Aznarez zinegotzi izan zen Iruñean 2003tik 2007ra bitartean, PSOErekin. 2014an, ordea, Nafarroako Ahal Dugu-ren bultzatzaileetako bat izan zen, eta urtebete geroago, Nafarroako Parlamentuan eserleku bat eskuratu zuen. Uxue Barkos lurraldeko presidente kargura eraman zuten negoziazioen ondorioz, Aznarezek Parlamentuko presidentearen kargua hartu zuen. Egun, parlamentari da oraindik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.