Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza negoziatzen ari dira Gernikako Estatutuan jasota baina oraindik transferitzeke dauden eskumenen eskualdaketa; horien artean, espetxe arloari buruzkoa. Ildo horretan, Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak esan du eskumen horrek "Aste Santua baino lehen" eskualdatuta beharko lukeela: "Bestela, [Espainiako Gobernua] ez litzateke bere hitza betetzen ari".
Estebanek Espainiako Gobernuari eskatu dio eskumen guztiak eskualdatzeko egutegia bete dezala: "Espetxeetakoa ongi dago, baina hor daude Bizitzeko Gutxieneko Errenta eta beste guztiak. Ni ez nago Jaurlaritzan, baina Espainiako Gobernuari helaraz diezaioket eskumen guztiak iritsi behar direlako mezua. Batzuk egutegian lehenetsita daude, beste batzuk aurreratuta daude, baina egutegi osoa bete behar da".
Eneko Andueza PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, berriz, nabarmendu du Espainiako Gobernuak "borondate politikoa" daukala eskumenak eskualdatzeko.
Hain justu, espetxeen eskumena mahai gainean dute gaur Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak. Gasteizen elkartu dira, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan, 10:00etatik aurrera.
Edozein modutan, datozen asteetarako espero da espetxeen eskumenaren eskualdaketa. Atzo, Eusko Legebiltzarrak eskatu zuen haren esku uzteko negoziazioak amaitzean lortzen den akordioa. Era berean, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion «transferentzia egin ondoren, 2019ko martxoaren 13ko osoko bilkura monografikoan onartutako ebazpen proposamenak oinarri izan daitezela Euskadin ezarri beharreko espetxe eredua definitzeko».