ESPETXE EREDUA

Eusko Legebiltzarrak eskatu du espetxe eskumenaren akordioa parlamentura bidaltzeko

EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdibideko zuzenketa bat adostu dute Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, eta EH Bilduk ere babestu du.

Miren Gorrotxategi (EP-IU) eta Laura Perez (EAJ), Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2021eko otsailaren 25a
15:58
Entzun

EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdibideko zuzenketa bat adostu dute Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko parlamentu horren esku utz dezala espetxeen eskumenaren transferentziari buruz datozen egun edo asteetan lortuko den akordioa. Zehazki, adostu dute Eusko Jaurlaritzari eskatzea Eusko Legebiltzarrari bidal diezaiola «Transferentzien Batzorde Mistoan hartzen den azken erabakia, espetxe zerbitzuen transferentziari, antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari buruzko gaiei buruzkoa, bai eta horren ondoriozko ondasun, langile, betebehar eta kontratuei buruzkoa ere». EH Bilduk ere babestu du: aldeko 68 boto izan ditu, eta zazpi kontrako.

Era berean, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio, «transferentzia gauzatu ondoren, 2019ko martxoaren 13ko osoko bilkura monografikoan onartutako ebazpen propoposamenak oinarri izan daitezela Euskadin ezarri beharreko espetxe eredua definitzeko».

Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza negoziatzen ari dira Gernikako Estatutuan jasota dauden baina oraindik transferitzeke dauden eskumenen eskualdaketa; kronograma bat prestatu zuen horretarako, eta lehen eskumen blokea negoziatzen ari dira. Tartean dago espetxe eskumena. Atzo, Olatz Garamendi Jaurlaritzako Autogobernu sailburuak azaldu zuen espetxe eskumenaren negoziazioa «nahikoa aurreratuta» dagoela.

Gaia Eusko Legebiltzarrera eraman du Luis Gordillo PP+C's koalizioko legebiltzarkideak. Gardentasun falta salatu du, eta informazioa soilik prentsako filtrazioen bidez jasotzen ari direla: «Erabat ezkutukoa izan da prozesua». Horregatik, PP+C's-en jatorrizko eskakizuna zen hogei eguneko epean legebiltzarraren esku uztea orain arte adostu denari buruzko informazioa: «Uste dut legebiltzarraz ahaztu zaretela. Zenbaterainoko kaltea egin dizuen gehiengo absolutuak».

Eztabaidaren mamira ere sartu da Gordillo. Aitortu du eskualdaketa «konplexua eta delikatua» dela, eta 600-700 funtzionariori eragiten diela aldaketak. Gaineratu du espetxeetako biztanleria «bi edo hiru bider» handituko dela eta zerbitzuak «pribatizatu» egingo direla.

Gobernuko bazkideek Elkarrekin Podemos-IUrekin adostu dute zuzenketa, eta presoak eztabaidaren erdian jartzeko beharra nabarmendu du Miren Gorrotxategi koalizioko bozeramaileak: «Nolako espetxe eredua, halako demokrazia. Estatu baten demokraziaren osasuna neurtzeko ezinbesteko elementua da bere presoei ematen dien trataera». Gorrotxategiren hitzetan, eskumenaren eskualdaketak modua ematen du Euskal Autonomia Erkidegoak «espetxe eredu propioa, ezberdina» izan dezan,  «praktika berrosatzaileak» garatuko dituena.

Maria Jesus San Jose PSE-EEko legebiltzarkideak, berriz, azaldu du sozialistek estatutua osorik betetzea babesten dutela eta lege horrek «tresna erabilgarria izaten jarraitu» behar duela herritarrentzat. Halaber, Laura Perez EAJko legebiltzarkideak azaldu du prozesu negoziatzailea zabalik dagoela eta bilera teknikoak egiten ari direla bi administrazioak. Julen Arzuaga EH Bilduko ordezkariak, berriz, giroa nahastu nahi izatea egotzi dio Gordillori: «Espektatiba bat dago presoen aldetik, eskumenak ongi kudeatuta beren bizi baldintzak hobetzeko. Kartzela era gizatiarrago batean kudeatzeko». Gogorarazi du iaz sei preso hil zirela Zaballan.

Gernikako Estatutuaren 10.14 artikuluak jasotzen du espetxe eskumena: «Adingabekoen babes kuradoretzako, espetxeetako eta gizarteratzeko erakunde eta etxeen antolaketa, araubidea eta jarduera, arlo zibileko eta zigor eta espetxe arloetako legeria orokorrarekin bat».

Bihar, Grande-Marlaskaren eta Erkorekaren bilera

Hain justu, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua bihar batzartuko dira, Gasteizen, espetxe eskumenaren transferentziaz hitz egiteko. 10:00etan izango da bilera, Espainiako Gobernuak Arabako hiriburuan daukan ordezkaritzan. Denis Itxaso Espainiako Gobernuko ordezkariak eman du bilkuraren berri, eta azaldu du bi gobernuak «konfiantzaz eta leialtasunez» ari direla lanean eskumena eskualdatzeko. Itxasok ez dio eperik jarri akordioari, baina esan du biharko bilera «garrantzitsua» dela.

Edonola ere, gogorarazi du espetxe eskumenaren transferentziak ez duela esan nahi espetxe politika Jaurlaritzaren esku utziko denik, eta azaldu du euskal presoak Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara gerturatzeko mugimenduak espetxeetako tratamentu batzordeen erabakiz egiten ari direla, horiek balorazio positiboa egin dutelako presoen bilakaeraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.