MARTXOAREN 3A

M-3: «Ez dugu justiziarik lortu, baina ez dugu ahaztu»

Martxoaren 3aren bueltarako hamaika ekitaldi antolatu dituzte Gasteizen, 1976an hildako bortz langileak oroitu eta gertakariak salatzeko. Espainiako «zigorgabetasuna» gaitzetsi dute, eta deitoratu dute biktima guziek ez dutela «tratu bera» jasotzen.

Martxoaren 3 elkarteak gaur Gasteizen egindako agerraldia. MARTXOAREN 3 ELKARTEA
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 25a
12:38
Entzun

«45 urteren ondoren, ez dugu justiziarik lortu». Horixe adierazi du gaur Martxoak 3 elkarteak 1976ko gertakarien 45. urteurrenerako prestaturiko ekitaldiak aurkezteko egindako agerraldian. Elkarteak salatu du, hain justu, oraindik zigorrik gabe daudela 1976ko martxoaren 3an Gasteizko Zaramaga auzoan bortz langile hiltzearen arduradunak: «1976ko martxoaren 3ko estatu krimenak epaitzen uzten ez duen Espainiako zigorgabetasun ereduaren ondorioz, Argentinan irekitako prozesu judizialak eta hemen bultzatutako kereilek blokeatuta jarraitzen dute». Oroimena eta hura lortzeko «borroka» bizirik daudela nabarmendu du elkarteak, ordea, eta azaldu du horixe dela Gasteizko «herri borrokalariak ahanzturaren aurka» lortutako «garaipena»: «Martxoaren 3an gertatutakoa ez ahaztea lortu dugu, eta lortu dugu gure memorietatik ezabatu nahi izan zuten guztia oso presente egotea urtero: Martxoaren 3an eta egunero». Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, orduko borrokak gaur egungo «justizia sozialaren aldeko borroken oinarria» izan dira, eta adierazi dute «poztu» egiten dituela sarraskiaren salaketak eta «eraildako senide eta kideen balioak» oraindik ere «presente» egoteak.

Salatu dute, halere, Espainiako «zigorgabetasuna» ez dela «milimetro bat ere» aldatu: «Espainiako Estatuak ez du betetzen giza eskubideen arloko nazioarteko legeria, eta jada ez da bakarrik justiziarako eskubidea oztopatzen duela; indarrean dagoen legerian ere diskriminazioa jasaten ari gara, autonomikoa zein estatukoa». Deitoratu dute, hain zuzen, biktima guziek ez dutela «tratu bera» jasotzen. Gasteizen eraiki nahi duten Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa jarri dute horren adibide: «1960tik aurrerako aldi historikoa aintzat hartu arren, estatuko aparatuek eragindako giza eskubideen dozenaka milaka urraketa kontakizunetik kanpo geratu dira». Horren aurka, Memoria Osoa dinamika jarri zuen martxan Martxoak 3 elkarteak joan den abenduan, Euskal Herriko dozenaka memoria elkarterekin batera. Heldu den martxoaren 4an Gasteizko Udalean azalduko dute ekinbidea.

Hamaika ekitaldi

Bertze hainbat elkarterekin batera, hamaika ekitaldi antolatu ditu Martxoak 3 elkarteak duela 45 urte gertaturikoa oroitzeko, gaurtik hasita: Memoria Gara dinamikak Galdutako denboraren bila dokumentala emanen du gaur Aldabe gizarte etxean, 19:00etan. Bihar Etxerat elkarteak antolaturiko azken ortziraletako elkarretaratzeetan parte hartuko du M-3k, halaber. Martxoaren 2an, berriz, Zaramagako Odon de Apraiz eta Koldo Mitxelena ikastetxeetan hitzaldi bana emanen du elkarteak, sarraskiari buruz. Era berean, hainbat erakusketa jarriko dituzte martxan egun berean: Gasteiz 1976: Grebatik Sarraskira izenekoa Mendizabalako Hizkuntz Eskolan egonen da martxoaren 2tik 10era, eta Gasteizko Gaztetxean 13tik 31ra. Luis Ziarrustaren argazki erakusketa ere asteartean inauguratuko dute, Zaramagako Adinekoentzako Zentro Soziokulturalean.

Martxoaren 3rako bererako, sindikatuek protestetara deitu dute, eta horiekin bat egin du M-3 elkarteak, baita EH Bilduk eta Gasteizko Kontseilu Sozialistak antolaturiko omenaldiekin ere. Halaber, jakinarazi dute Vitoria 3 de Marzo filma hiriko zinema aretoetan egonen dela ortziraletik hasita, gutxienez astebetez. Handicap eta El Callejón de Cachan musika talde gasteiztarrei eskerrak eman dizkiete, bertzalde, abesti bat eta bideoklip bat osatu baitituzte Martxoaren 3aren urteurrenaren harira.

Herritarrei Martxoaren 3ko ekitaldietan zein «egungo lan borroketan eta borroka sozialetan» parte hartzeko deia egin diete elkarteko kideek: «Izan ere, 1976ko sarraskiaren biktimei egin diezaiekegun omenaldirik onena gizarte bidezkoagoa, feministagoa eta berdinzaleagoa lortzeko borrokarekin jarraitzea da, Arabako enpresa eta kolektibo asko egiten ari diren moduan».

Memoria guneaz

San Frantzisko elizan eraiki nahi duten memoria guneaz ere aritu da Martxoak 3 elkartea gaurko agerraldian. Pertsona ugariren «konpromisoaren eta lanaren fruitua» da proiektua, M-3ren hitzetan, baina jakinarazi dute oraindik «lehen urratsa besterik» ez dela egin: «Orain, proiektuaren kudeaketa, espazioak eta edukiak zehaztu behar dira, baliabide ekonomikoak esleitu behar dira, eta lan egutegi bat ezarri behar da». Elkarteak nabarmendu du haiek ere parte hartu behar dutela prozesuan, eta eskatu dute memoria ez dadila atzera begiratzera mugatu: «Elkartean jakin badakigu Martxoaren 3ko memoria langilea, feminista, antikapitalista, antifaxista... dela, baina, batez ere, Gasteizko herri borrokalariarena dela, memoria 45 urtez bizirik mantendu duen herriarena. Ez da iraganean iltzatutako borroka bat, borroka horrek bizirik jarraitzen baitu gaur egungo justizia sozialaren aldeko borroka guztietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.