Harrabotsa sortu zuen Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat jasotzen duen grabazioak. Elkarrizketa horretan, Joxean Lasari, Joxi Zabalari eta Mikel Zabalzari eginiko tortura ugariez mintzo dira koronela eta kapitaina, eta agerian uzten dute, besteak beste, tortura horien ondorioz hil zirela.
Bada, hainbat egun geroago, harrabotsa sortzen jarraitzen du Nietoren egonlekuak. Naiz hedabideak adierazi duenaren arabera, Gomez Nieto Hondurasen dago orain, eta hango egunkari batean kolaboratzen du. Bere Twitter kontu pertsonalean plazaratzen ditu kolaborazio horiek, eta gizartearen gehiengoak torturatzaile gisara definituriko pertsona bati ahotsa emateak anabasa sortu du grabazio eztabaidatsu horiek lau haizetara zabaldu eta egun gutxira.
1990eko hamarkadan, Lasa eta Zabalaren auzian inputatu zuten Gomez Nieto. Lekuko izan zenean, bere irudia babesteaz arduratu zen kapitaina: gezurrezko bizarrarekin eta ileorde beltz batekin agertu zen epaiketara, eta horrela deklaratu zuen. Geroztik, hiru hamarkada pasatu dira, eta anonimotasun hori hautsi du. Aktiboki idazten du bere Twitter kontuan –biografiari dagokion tokian ez du zehaztu bere jatorriari edota lanbideari buruzko daturik, eta 2017. urtean ireki zuen–. Kontuaren goiburuko argazkian, Pilareko Ama Birjina ageri den irudi bat du jarria, eta Guardia Zibilaren enblema darama.
Orain, baliteke Espainiak Hondurasen duen enbaxadan egotea Gomez Nieto. Denbora da datu hori zabaldu zela, baina ez dago garbi oraindik ere Espainiako enbaxadan dagoen edo ez. EH Bilduk hiru galdera erregistratu ditu Espainiako Kongresuan, Espainiako Gobernuak Gomez Nieto oraindik ere soldatapean daukan jakiteko: oraindik ere Espainiak Hondurasen daukan enbaxadako langile bat den, zenbat urte eman dituen han, noiz arte aritu den lanean eta zeintzuk izan diren haren egitekoak.
Xabier Lapitz kazetariak, hain justu ere, zalantza hori bera argitu nahi izan du sare sozialetan: Espainiaren Hondurasko enbaxadari galdetu dio ea bertan dagoen Gomez Nieto kapitaina. Hori baieztatuko balitz, agerian geldituko litzateke Espainiako Gobernuaren jarrera; izan ere, torturatzaile bat babesten ari dela erakutsiko luke. Halaber, Lapitz kazetariak La Tribuna egunkariko langileei –kazeta horretako kolaboratzaile da Gomez Nieto– galdetu die ea badakiten torturatzaile bat dutela kolaboratzaile lanetan.
Puede la @EmbEspHonduras confirmar si sigue acogido, destinado @PedroGomezNiet1 en su seno. https://t.co/Th1W7RxpeNpic.twitter.com/feZzhQsORZ
— Xabier Lapitz (@Xlapitz) February 24, 2021
Grabazio eztabaidatsuak
Duela zenbait egun argitaratu zen Peroteren eta Gomez Nietoren elkarrizketa. Grabazio horretan, argi entzun daiteke Gomez Nietoren ahotsa, esanez aitortzen duela Zabalza torturatuta hil zutela Intxaurrondoko kuartelean, poltsa jarrita. Elkarrizketa horren bertsio luzeago bat ere zabaldu zuen BERRIAk, eta, horretan, Gomez Nietok Peroteri azaltzen dio Joxean Lasa eta Joxi Zabala «buruan bi tiro» emanda hil zituztela.
Lehenbizi, Gomez Nietok harrituta galdetzen dio Peroteri, hark Zabaltzaren hilketaz galdetuta: «Interesatzen zaizu? Gai horretarako hots egin didazu? Hain interesgarria eta hain inportantea al da Etxearentzat?». Perotek Lasaz eta Zabalaz galdetzen dio orduan, eta Gomez Nietok ematen dio azalpena: «Hori bi tiro izan ziren buruan, kaputxarik gabe». Peroteren zehaztapena orduan: «Alegia, hil egin zituztela; ez zitzaizkien hil». Eta Gomez Nietoren erantzuna: «Lehenbizi, zuloak eginarazi zizkieten, zuloak eginarazi genizkien».
Egun bat lehenago plazaratu zen Mikel Zabalzaren inguruan hitz egiten duten elkarrizketa. Artxibo horretan ere, Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako burua eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitaina entzun daitezke, eta baieztatzen dute Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zela, torturatuta.
Entzun daitekeenez, Gomez Nietok Peroteri esan zion bere ustez Zabalza galdekatu zutenei «eskua joan» zitzaiela: «Itaunketan bertan gelditu zaie». Perotek galdetu: «Uste duzu Intxaurrondon bertan geratu zaiela?». Eta Gomez Nietok erantzun: «Bai, nire irudipena da galdeketan bihotzekoak emango ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire irudipena. Huts asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Medikuak zioen osasunez gaizki zegoela, azken urtean hiru ebakuntza egin dizkiotela Zabalzari».