Ertzaintzaren furgoneta talde handi bat heldu da bart Donostiako Ibaeta auzora. Han dago EHUko campusa, eta Filosofia fakultatea. Horretan itxialdia egiten zegoen ikasle talde bat astelehenetik, Unibertsitateko Indar Batasuna taldeak deituta.
«Ibaetako ikasleok, azpiegitura beharraren faltan eta dekanotzaren prestasunik eza dela-eta, Zorroaga aretoa hartzea erabaki genuen», adierazi du UIBko kide batek, Twitterren bidez. «Dekanotzak Ikasle Mugimenduaren espazioa izan dena kendu ostean alternatibarik ez duenez aurkeztu, gure aukera bakarra gela bat hartzea izan da».
Ertzaintzaren unitate mordo bat campusetik zabalduta ikusi daitezke bideo honetan. Errepresio bortitzez erantzuteko borondate osoa erakutsi du unibertsitateak.ð;Â;ŸÂ‘‡ pic.twitter.com/fjAJlmnQUE
— Unibertsitateko Indar Batasuna (@UIBnazionala) February 24, 2021
Lan egiteko leku bat eskatzen dio UIBk EHUko errektoretzari.
Ertzainak istiluen aurkako materialarekin sartu dira fakultatera, eta ikasleak banan-banan atera ditu. Ez da istilurik gertatu.
2019. urtean sortu zuten Unibertsitateko Indar Batasuna, EHUko ikasle eta langileen baldintzak hobetzeko eskatzeko.
ð;Â;ŸÂÂÂŽ¥Aretora sartu eta espazioa husten hasi diren momentuak. Antolakuntzaren aldeko aldarriak ozen entzun dira aretoan! pic.twitter.com/TifH2BtUrk
— Unibertsitateko Indar Batasuna (@UIBnazionala) February 24, 2021
EHUk agiri bat plazaratu du gertaeron inguruan. Adierazi duenez, unibertsitatea «harremanetan» egon da astelehenetik Filosofia Fakultatean itxitako ikasleekin, eta haiekin «elkarrizketa bat eduki du egoerari irtenbide baketsu eta bideragarri bat aurkitzeko». Edonola ere, EHUk gaineratu du elkarrizketa proposamena aurrera eramateko itxialdia gelditzeko baldintza jarri ziela ikasleei. Itxialdian 60 pertsona ere elkartu zirela adierazi du unibertsitateak, eta horrek izurriarengatik ezarritako neurriak urratzen zituela.
Ertzaintzak kanporatzea «modu baketsuan» egin duela nabarmendu du EHUk. Gaineratu duenez, Ikasle Kontseilua da ikasleak ordezkatzeko «zilegitasuna» duen organoa, eta esan du horrek badituela bere lana egiteko lekuak.