Urtarrilean itxi zituen ateak Durangoko (Bizkaia) Plateruena kafe antzokiak, eta, dagoeneko, hasiak dira hura berriro ere martxan jartzeko lanean. Izan ere, Durangoko Udalak ekainera arte iraungo duen prozesu parte hartzailea abiatuko du martxo amaieran. Udalak sortutako «talde motorra» kultura teknikariek, udal teknikariek eta zinegotziek osatuko dute, eta, horiekin batera, Emun Aholkularitza taldearen laguntza ere jasoko dute.
Hausnarketa prozesu horri hasiera emateko, mintegi eta bilera batzuk antolatuko dituzte herriko zenbait eragilerekin eta elkarterekin elkarlanean. Besteak beste, etorkizuneko Plateruenaren oinarriak zeintzuek izan behar duten zehazteko. Lehenengo saioa apirilean izango da, eta, bertan, bost tailer egiteko asmoa dute. Maiatzean, berriz, mintegi bat antolatu dute, eta, azkenik, eredu berria zehaztuko duen txostena idatziko dute. Txerra Rodriguez Emun Aholkulariak taldeko kideak, horrela laburtu du prozesua: «Lehen zatian, proposamenak jasoko lirateke; bigarrenean, jasotako ideia horiek antolatu, eta, azkenik, txostena itxiko litzateke».
Durangoko Udalarentzat Plateruenako gunea berriro ere martxan jartzea «lehentasunezkotzat» dutela azaldu du Julian Rios alkateordeak: «Gune oso garrantzitsua da, ez Durangorentzat bakarrik, baita Euskal Herriarentzat ere, eta ahalik eta bizkorrena zabaltzea gustatuko litzaiguke». Horrekin batera, Plateruena eta gero zer? herri ekimenarekin harremanetan daudela argitu dute.