MARTXOAREN 3A

Zaintza, oroimena eta borroka aldarrikatuko dituzte Martxoaren 3an

45 urte igaro dira Poliziak Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan bortz langile hil zituela. Omenaldia eta manifestazioa eginen dituzte Martxoaren Hiruaren plazan, ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek deituta.

Sindikatuek agerraldia egin dute gaur Gasteizen, protesta iragartzeko. LAB
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 24a
13:01
Entzun

1976ko martxoaren 3an Poliziak tiroz hil zituen Pedro Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda langileak, Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan izandako istiluetan. Langileek deituriko batzar bat egiten ari ziren elizaren barnealdean, eta hura hutsarazteko erantzun bortitza eman zuen Poliziak: bortz langile hil eta bertze ehunka zauritu zituen.

Aurten 45 urte beteko dira gertakari lazgarri haietatik, eta, gertaera oroitzeko, «zaintza, oroimena eta borroka» aldarrikatuko dituzte ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek: Zaindu gintuztelako, zainduko ditugu lelopean eginen dituzte omenaldia eta manifestazioa heldu den asteazkenean, Gasteizko Martxoaren Hiruaren plazan. 18:00etan eginen dute omenaldia, eta ordu erdi geroago abiatuko da protesta.

Sindikatuek gaur goizean ekitaldien berri emateko egin duten agerraldian azaldu dutenez, gertaturikoaren memoria «bizirik» dago oraindik, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu dira «justizia sozialaren, antifaxismoaren eta klase borrokaren» balioak, «frankistek irudi kolektibotik ezabatu nahi izan zituztenak». Azpimarratu dutenez, martxoaren 3rako hautaturiko leloarekin zaintza sistema publikoa aldarrikatu nahi dute, sektore prekarioa baita, eta eremu pribatuan gelditzen dena: «Erdigunean jarri nahi dugu zerbitzu publiko hobeak garatzeko premia». Azpimarratu dute osasun langileen alorrean, zaintzan eta hezkuntzan dagoela behar hori, eta horietan diharduten langileen lan baldintzak hobetzea galdegin dute: «Hobekuntza horiek aldarrikatzen dituzte zerbitzuetako langileek ere, batez ere emakumeek eta, askotan, emakume migratuek. Pandemiaren hasieratik ari dira borrokan, agerian gelditu baita azken hamarkadetan pairatu ditugun gobernu neoliberalen abandonua eta erantzukizun falta».

Memoria guneari kritika

Sindikatuek salatu dutenez, San Frantzisko elizan eraiki nahi duten memoria gunearen prozesua «aldebakarrekoa» izan da eta ez dute kontuan hartu Euskal Herriko gehiengo sindikalaren parte hartzea: «Propaganda politikoko ekintza bat dela uste dugu, prozesu horretan parte hartu duten administrazioak beraiek baitira langileen eskubideak egunerokotasunean gaitzesten dituztenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.