Emakundek Martxoaren 8ari begira egingo duen kanpaina aurkeztu du gaur goizean, Gasteizen, Nork zaintzen du? lelopean. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria egon dira aurkezpenean, eta, hain zuzen, adierazi dute zaintza lanen gaineko hausnarketa bat egin nahi dutela kanpainaren bitartez. Horregatik erabaki dute lelo nagusia ere galdera gisa aurkeztea.
ð;Â;ŸÂŸ£ Nork zaintzen du? Gizonek eta emakumeek erantzunkide izan behar dute gaur egun nagusiki emakumeek egiten dituzten zaintza-lanetan. ð;Â;ŸÂ‘‡ pic.twitter.com/hPS7MYItzF
— Emakunde (@emakundEJGV) February 24, 2021
Haien arabera, beharrezkoa da agerian uztea zaintza lanak nork egiten dituen, eta baita lan horiek «ikusaraztea, baloratzea eta gizarte osoaren artean» banatzea ere. Horrez gainera, uste dute pandemiaren ondorioz, «inoiz baino nabarmenagoa» izan dela zaintza lanek «bizitzari eusteko duten funtsezko garrantzia», eta, beraz, beharrezkotzat jotzen dute «zaintzarekin konprometitzea». Bide horretan, Artolazabalek erantsi du Eusko Jaurlaritzak ere baduela konpromisoa, hala nola zainketa instituzionalak indartuta, kontziliazio eta berdintasun planak enpresetan bultzatuta, soldata arrakalaren aurkako euskal estrategia bat garatuta eta Berdintasun Legea aldatuta.
Landaidak, berriz, zaintzaren zenbait aspektu azpimarratu ditu, kanpainako leloa eta irudia oinarri hartuta. Batetik, nabarmendu du zaintzaren garrantzia «funtsezkoa» dela gizartearen iraupenerako eta funtzionamendurako, baina «ikusezina» dela. Eta kanpainan hori islatu nahi izan dute: «Kanpainako planteamendu grafikoan indartutako ideia bat da zaintza lanen ikusezintasuna; ez dira pertsonak ageri, baina zaintzarekin lotura duten elementuak jaso ditugu». Bestetik, erantsi du lan horietan «gizonen eta emakumeen arteko banaketa desorekatua» ere badagoela, eta horrek zenbait egoerari ematen diela bide: «Banaketa horrek emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen du, hezkuntzarako, osasunaren arretarako, bizitza publikorako eta ordaindutako enplegurako duten sarbidea mugatuz».
Emakundeko zuzendariaren arabera, beraz, gizarte batek «ezin du onartu» andreek beren gain hartzea zaintza lanen gehiengoa, «pertsona guztien ongizaterako eta jarduera sozial eta ekonomikoari eusteko behar-beharrezkoa denean». Hala, zaintza lanak ikusaraztearen aldeko aldarria egin du, besteak beste «emakumeen eta gizonen, erakundeen eta gizarte osoaren artean» banatu behar direla nabarmenduta.
Zaintza erdigunean
Landaidak azpimarratu du zaintza erdigunean jartzearen beharra feminismoaren aldarrikapen nagusietariko bat dela, baina beste eremu batzuetan ere jasotzen dela, hala nola nazioarteko planetan. «Zaintza horiek balioesteko eta modu orekatuan banatzeko beharra hainbat esparru programatikotan jasotako helburua da». Emakundeko zuzendariak, batetik, 2030 Agendako puntuetako bat aipatu du: «Bertan botere publikoei eskatzen zaie ordaindu gabeko zaintzak eta etxeko lanak aitortzeko eta baloratzeko». Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zazpigarren planean jasotzen dena izan du oinarri. Esan du, hain zuzen, plan horren arabera zaintza lanak birbanatuko dituen gizarte antolaketa berri bat behar dela.