Katalunia

Puigdemonti immunitatea kentzeko urratsa eman du Europako Parlamentuak

Kataluniako presidente ohiari eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiei babes juridikoa kentzea proposatu du parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak. Afera parlamentuko osoko bilkurara igaroko da, eta hark izango du azken hitza, martxoaren 8an.

Toni Comin, Clara Ponsati eta Carls Puigdemont, Perpinyan (Herrialde Katalanak), iazko otsailean. DAVID BORRAT / EFE
Julen Aperribai.
2021eko otsailaren 23a
20:24
Entzun

Europarlamentari akta izateak ematen dien immunitatea galtzetik hurbilago daude Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemont, eta Toni Comin eta Clara Ponsati kontseilari ohiak, Europako Parlamentuko Auzi Juridikoen Batzordeak haien kontrako suplikatorioaren alde egin ostean. Atzo eztabaidatu zuen batzorde horrek immunitatea kentzeko proposamenaren inguruan, eta gaur egin dute bozketa: aldeko hamabost boto jaso ditu; aurkako zortzi, eta bi abstentzio. Modu horretan, Espainiako Auzitegi Gorenak eskatutakoaren alde egin du batzordeak. Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri europarlamentari akta kentzea nahi du auzitegi horrek, eta Espainiaratzeko eskatu, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik epaitzeko.

Prozedura ez da amaitu, ordea, eta hiru politikariek ez dute galduko immunitatea oraindik. Izan ere, batzordeak onartutakoa Europako Parlamentuak berretsi beharko du, osoko bilkuran. Martxoaren 8an izango dute bozketa. Orduan ere gehiengoak txostenean jasotakoaren alde egingo balu, hiru europarlamentariek ez lukete diputatu akta galduko, eta kargu horretan jarraituko lukete. Egoera juridikoan eragingo lieke, ordea, Europako Parlamentuak baimenduko lukeelako haiek epaitzea.

Euroaginduak aktibatu nahi ditu Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak, eta Bruselak ez dio jarriko oztoporik horretarako, gaur hamabost egingo duten legebiltzarreko saioan gaurko erabakia berresten badute. Litekeena da hala egitea, ordezkaritza handiena duten talde parlamentarioetako diputatu gehienek horren aldeko posizioa agertu baitute orain arte.

Hala balitz, Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik Belgikako Justiziaren aurrean deklaratu beharko dute, haien aurkako euroagindu eskaerak eginak baititu Espainiak —sedizio delitua egozten diote Ponsatiri, eta sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea Puigdemonti eta Comini—. Eskaera horiek onartuz gero, Espainiaratu egingo lituzke Belgikak, han epaitzeko. Horri uko egitea ere bada aukera bat, ordea, argudiatuta Espainian ez dutela edukiko bidezko epaiketa bat izateko bermerik. Argudio hori bera erabilita, Belgikako auzitegi batek ez zuen onartu Lluis Puig Kataluniako kontseilari ohia estraditatzeko eskaera, joan den abuztuan.

Gaurkoa, esperotakoa

Angel Dzhambazki Bulgariako VMRO alderdiko politikariak egindako txosten baten edukia da gaurko saioan bozkatu dutena. Europako Parlamentuko Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten taldeko kide da VMRO, besteak beste, Legea eta Justizia, Vox eta Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdiekin batera.ABC egunkariak joan den astean aurreratu zuen Dhzambazkik egindako txosten hori Junts per Catalunyako kideei immunitatea kentzearen aldekoa zela. Espainiako Justiziak egindako eskariei men ez egiteko arrazoirik ez dagoela zioen txostenak, argudiatuta Puigdemont, Comin eta Ponsatiri egozten dizkieten delituak europarlamentari izan aurrekoak direla, eta ez dutela zerikusirik kargu horretan egindako lanarekin.

Txostenaren inguruko bozketa egitea zegokien batzorde juridikoko kideei gaur, baina espero zen haren alde egingo zutela. Izan ere, batzordea osatzen duten 25 diputatuetatik zortzi Espainiako alderdietako diputatuak dira, eta eta Ciudadanoseko Adrian Vazquez da batzordeko presidentea. Gainera, popularrak, liberalak eta sozialistak gehiengoa dira, eta ziurtzat jotzen zen immunitatea kentzearen alde egingo zutela.

Gaurko bozketara arteko prozeduran izandako irregulartasunak salatu dituzte azken egunetan Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren abokatuek. Konfidentzialtasunerako zina egina zuten eurodiputatuek, baina zenbaitek hori urratu dutela agerian geratu da. PPko diputatu Esteban Gonzalez Ponsek publikoki adierazi zuen batzordearen gehiengoak immunitatea kentzearen alde egingo zuela, lehenik, eta, pasa den astean, ABC-k txostenaren edukia zabaldu zuen. Filtrazio hori ikertzeko eskatu zioten abokatuek David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.