Psikologia

Euskaldun gisa identifikatzea ongizatearekin lotuta dagoela ondorioztatu du ikerketa batek

Afro-amerikarrak aztertzeko erabili izan ohi diren testak euskaldunekin baliatu ditu Psikologia Fakultateko Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa taldeak. Ikusi dutenez, gutxiengo izatearen sentipenaren kalteak orekatu egiten ditu euskaldungoaren parte izatearen sentipenak.

Jon Zabala, ikerketa egin duen taldeko kidea. EHU
Edu Lartzanguren.
2021eko otsailaren 23a
15:53
Entzun

Hainbat giza talderekin egin izan dira identitate etnikoak norberaren ongizatearen mailarekin duen harremana aztertzeko ikerketak, batez ere, AEBetako afroamerikarrekin. Orain, ikerketa horietan erabili diren test psikologiko eta bestelako tresnak Euskal Herrira eta euskaldunetara moldatu ditu EHUko Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa taldeak. Ondorioztatu dutenez, euskal identitate sendoa izateak eta euskaldun gisa ahaldunduta sentitzeak lagundu egiten dio gizabanakoari ongizate handiagoa sentitzen.

«Euskaldunek oro har egoera sozioekonomiko ona badute ere eta hizkuntzarekin lortu dituzten aurrerapausoak kontuan izanik ere, litekeena da bai munduan bai Euskal Herrian gutxiengo linguistikoa izatearen kontzientzia lagungarri izatea euskaldunekiko identifikazioak eta, bereziki, ahalduntzeak faktore oso garrantzitsu gisa joka dezaten banakoen ongizaterako», adierazi du Jon Zabala ikertzaileak.

AEK Euskalduntze Alfabetatze Koordinakundeak antolatzen duen Korrika ekinbidearen harira egin dute ikerketa. Euskararen aldeko lasterketan parte harturiko 748 pertsonak hartu dute parte ikerketan, %63 emakumezkoak eta %36,2 gizonezkoak. Horiei galdetegi bat eman zieten, besteak beste norbanakoaren eta norberaren taldearen arteko harremana deskribatzeko eta neurtzeko erabiltzen diren galderekin. Esaterako, galderetako batean zirkuluekin adierazten da zein harremana duen galdekatuak gainerako euskaldunekin: bi zirkuluak gero eta lotuago agertzen badira, orduan eta handiagoa da norberaren eta taldearen arteko identifikazioa.

Horrez gain, euskaldungoak gizartea aldatzeko duen ahalmena neurtzeko galderak egin dizkiete, eta euren ingurunea zein euskalduna den neurtzekoak. Azkenik, norberaren eta gizartearen ongizatea edo zoriona neurtzeko eskalak aurkeztu dizkiete, eta norberak komunitatean duen parte-hartzea zenbaterainokoa den ebazteko galderak.

«Ikusi dugu euskaldunekin oso identifikatuta edo fusionatuta sentitzen diren eta ahalduntze maila handia duten banakoek ongizate pertsonaleko eta sozialeko eta parte hartze komunitarioko indize handiak dituztela; berez, handiagoak dituzte fusiorik sentitzen ez duten eta ahalduntze maila apala duten pertsonek baino».

Baina zer gertatzen da egoera askotan gutxiengo bateko kide izatearen sentipenak eta, esaterako, hizkuntza estresak sortzen duten segurtasunik ezarekin eta nahigabearekin? Zabalak eta haren taldeak ondorioztatu dutenez, «identifikazio sozialak orekatu egiten du taldea gutxiengo linguistiko gisa sentitzeak eragiten dituen alderdi negatiboak». Fenomenoa harago doa, gainera, psikologoek atzeman dute ingurune erdaldunetan bizi diren euskaldunentzat «are garrantzitsuagoa dela euskaldunekiko identifikazioa sentitzea beren ongizaterako».

Euskal kulturak eta hizkuntzak aurrerapenak egin dituela sentitzeak indartu egiten du gizartea aldatzeko eta beren helburuak lortzeko euskaldunen kolektiboak duen boterearen pertzepzioa.

Ahultasunak

Edonola ere, Zabalak ohartarazi duenez, «oraindik ere badira hainbat ahultasun adierazle, hala nola euskararen egoera hauskorra eta egoera batzuetan hizkuntzari egiten zaizkion bereizkerien zenbait adierazle, zeinak euskararen eta, beraz, euskal identitatearen iraupenerako mehatxu gisa har baitaitezke». Psikologoaren arabera, gutxiengo izatearen kontzientzia lagungarri izaten zaio norbanakoari euskaldungoarekin identifikatzeko, «eta, bereziki, ahalduntzeak faktore oso garrantzitsu gisa joka dezake banakoen ongizaterako».

Ikertzaileak «harritu» egin dira ikusita euskaldunen kasuan ahalduntze kolektiboak zein indartsu dagoen lotuta norberaren ongizatearekin.

Esan bezala, halako ikerketak batez ere afro-amerikarrekin egin dituzte, eta ikertzaileek uste dute euskaldunekin eginikoa baliagarria izan daitekeela munduko beste hainbat talderekin. Edonola ere, ohartarazi dute ikerketarako aukeratutako pertsona taldea —korrikazaleak— ez dela Euskal Herriko populazio orokorra ordezkatzeko moduko lagina, euskaldungoarekiko identifikazio eta gizartean parte hartzeko joera handiagoa duelako.

Ikerketa osoa hemen irakur daiteke (ingelesez): Basque Ethnic Identity and Collective Empowerment: Two Key Factors in Well-Being and Community Participation.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.