TORTURA

Europako Batzordeari galdetuko diote Mikel Zabalzaren torturez

Espainiako Kongresuan torturez galdetzeari betoa jarri diote PPk eta Voxek. «Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?» galdera erregistratu zuen EH Bilduk biharko saiorako.

Pablo Casado eta Santiago Abascal, Espainiako Kongresuan hizketan, artxiboko irudi batean. BALLESTEROS / EFE
jon olano
2021eko otsailaren 23a
13:58
Entzun

Mikel Zabalzaren tortura eta hilketari buruzko grabazio bat zabaldu eta gero, auzia Europako erakundeetara iritsi da. Zazpi eurodiputatuk Europako Batzordeari galdetuko diote gaiaz; zehazki, gaia ezagutzen duen eta zer iritzi duen horren aurrean, eta zein mekanismo dituen Espainiako Estatuak Oinarrizko Eskubideen Europako Kartaren 4. artikulua —torturak debekatzeari buruzkoa— betetzeko.

Azalpenean, zazpi eurodiputatuek gogora ekarri dituzte azken egunotan zabaldutako grabazioak, 4.113 tortura kasu jaso zituen txostena eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak torturen harira Espainiari ezarritako zigorrak. Azken horri lotuta, europarlamentariek batzordeari galdetu diote egokia iruditzen zaion Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministro izatea, aintzat hartuta hura izan zela epaile instruktorea Estrasburgok ebatzitako tortura auzietatik zazpitan.

Hauek dira zazpi europarlamentariak: Pernando Barrena (EH Bildu), Izaskun Bilbao (EAJ), Diana Riba, Jordi Sole (ERC), Toni Comin, Clara Ponsati (Junts Per Catalunya) eta Miguel Urban (Podemos).

Betoa kongresuan

Bestalde, EH Bilduk galdera erregistratu zuen atzo Espainiako Kongresuan, gobernuaren biharko kontrol saioan erantzuteko. «Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?» zen galdera, eta, hura txertatzeko, agenda aldatu beharra zegoen.

Tramite bat izan ohi da, kongresuko mahaiko kide guztiek onetsi beharrekoa, eta hor, eguneko gai zerrenda aldatzearen aurkako botoa eman dute PPk eta Voxek. EH Bilduk aurrez erregistratua zuen Oskar Matuteren galdera bat gazteriaren prekaritateaz, baina hori aldatzeko eskaera erregistratu zuen, eta horri eman dio ezezkoa eskuinak.

Halere, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari bihar gaiaz galdetzeko asmoa du indar subiranistak, galderen aurretik Sanchezek egingo duen agerraldian. 09:00etan hasiko da biharko osoko bilkura.

Atzo eta gaur zabaldutako grabazioek agerian uzten dute Mikel Zabalza orbaizetarra torturatuta hil zutela Intxaurrondoko kuartelean, bertsio ofizialak esan bazuen ere ihes egin zuela eta Bidasoa ibaian itota hil zela. Alberto Peroteren eta Pedro Gomez Nietoren arteko elkarrizketan ere aipatzen da nola hil zituzten Joxean Lasa eta Joxi Zabala.

Bestalde, Imanol Landa EAJko senatariak Dolores Delgado Espainiako fiskal nagusiari galdetu dio zer neurri hartuko dituen «Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko egia» ikertzeko. Senatuko Justizia Batzordean izan da Delgado, eta, zehazki, Landak galdetu dio ea «egiatasun zantzurik» ematen dion grabazioari. Grabazioan jasotako hitzen inguruan, Landak galdetu du ea neurririk hartuko duen ikerketa judiziala ahalbidetzeko. Halaber, Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketen inguruan ere galdetu du, buruan bi tiro emanda hil zituztela esaten baita grabazioan. EAJren hitzetan, Delgadok gaiari «izkin egin» dio, eta adierazi du argitaratutako informazioek «garrantzi penalik izango balute, kide fiskalek kontuan hartuko» lituzketela: «Profesionalen balorazio gaia da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.