Subiranistek eskatu dute «guztiz» argitu dadila O-23an gertatutakoa

1981eko estatu-kolpe saiakera gogoratzeko asmoz Espainiako Kongresuan egin duten ekitaldi instituzionala kritikatu dute EH Bilduk, ERCk, JxCk, CUPek, PDeCATek eta BNGk.

Mertxe Aizpurua (EH Bildu) adierazpen bateratua irakurtzen, gaur, Espainiako Kongresuan. EMILIO NARANJO / EFE
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 23a
13:09
Entzun

Indar independentistei iruditzen zaie 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakera
«estatu operazio bat» izan zela, eta helburu zuela «78ko erregimena indartzea». Horregatik, besteak beste, O-23a gogoratzeko asmoz Espainiako Kongresuan gaur egindako ekitaldi instituzionala kritikatu dute. EH Bilduk, ERC Esquerra Republicanak, JxC Junts per Cartalunyak, CUPek, PDeCATek eta BNGk agerraldi bateratua egin dute Kongresuko prentsa aretoan, eta salatu 78ko erregimena «giltzarrapo bat» dela «aurrerapauso demokratikoak» emateko orduan. EAJk ez du parte hartu ekitaldi instituzionalean, eta ez du bat egin subiranisten adierazpenarekin.

Subiranistek eskatu dute «guztiz» argitu dadila zer gertatu zen duela 40 urte, «egia ofizialetik haratago». Iruditzen zaie orduan gertatutakoak sendotu egin zuela «gaizki 'trantsizio demokratiko' deiturikoa», eta Espainiako errege zena  —Juan Carlos Borboikoa egungo errege emeritua, Espainiatik alde eginda dagoena— eta armada izan zirela kolpe saiakera hura «babestu» zutenak. Hain zuzen, Felipe VI.a Espainiako erregea mintzatu da gaur Kongresuko hemizikloan.

Independentistek uste dute «zutabe antidemokratikoak» jarrita jaiotzen direla «errepresioa, berdintasunik eza, injustizia, ustelkeria edo askatasunen murrizketak». Nabarmendu dute horiek indarrean jarraitzen dutela egun ere. Mertxe Aizpuruak (EH Bildu) euskaraz irakurri ditu manifestuaren pasarteetako batzuk, eta azpimarratu du «faltsukeria» dariola Kongresuak efemeridea «ospatzeko» aukeratutako moldeari. «Saldu nahi digute Espainiako Estatuaren demokraziaren garaipen baten gisara, baina ez da horrela izan». Koalizio independentistaren eledunaren esanetan, gaurko eguna egokia izango litzateke zenbait dokumentu «desklasifikatzeko» eta 1981eko otsailaren 23an zer gertatu zen jakiteko. «Herritarrei zor zaien zerbait da».

EH Bildukoaren hitzetan, independentistek eta subiranistek «askatasuna, berdintasuna eta demokrazia»  aldarrikatzen dituzte, hau da, «balio errepublikazaleak», horien bidez «benetako demokratizazioa» lortzeko, eta «eskubideak eta askatasunak eta pluraltasun sozial eta nazionala errespetatzeko».

Baina dokumentua sinatu duten indarrek uste dute, Aizpuruaren arabera, «normaltasun demokratikorik» ez dela egongo, eta Espainiako Estatua ezingo dela «erabateko demokrazia» bat kontsideratu, «Espainiako Estatuak duela 40 urteko estamentu politiko, judizial, polizial eta monarkikoekin jarraitzen badu, autodeterminazio eskubidea aitortzen ez bada, eta jarraitzen badugu preso politikoez, erbesteratuez eta errepresioaz hitz egiten».

Manifestua sinatu duten talde parlamentarioetako bozeramaile guztiek hartu dute hitza, eta, esaterako, Jaume Alonso-Cuevillasek (JxC) esan du «inpunitatea» nagusi den estatu batean «harrigarria» ez dela «gardentasun gabezia» egotea.

EAJren iritzia

EAJk ez du parte hartu Espainiako Kongresuak antolatutako ekitaldi ofizialean, uste baitu ez zuela «edukirik» eta «artifiziala» dela. Hori adierazi du Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Gogoratu du 40 urte pasatu direla estatu-kolpe saiakeratik eta «%100» ez dela argitu zer gertatu zen. «Abagunea kontuan hartuta, batzuen zein besteen irudia garbitzeko ekitaldi bat dirudi».

Aitor Esteban jeltzaleen Kongresuko bozeramaileak prentsa agerraldia egin du Madrilen, eta azaldu oraindik ez direla ezagutarazi O-23an gertatutakoaren «detaileak». «Ez da aldatu nahi Sekretu Ofizialen Legea, eta garai hartako dokumentazioaren gainean dagoen estalkia ez altxatu nahi». Esan zuen, bide batez, talde parlamentarioekin hitz egin gabe antolatu dutela Kongresuko ekitaldia.

Kazetariek galdetu diote Estebani ea EAJk zergatik ez duen bat egin alderdi subiranistek izenpetutako manifestuarekin. «Gu ez gara identifikatzen agirian erabiltzen den hizkerarekin, ezta egiten diren zenbait baieztapenekin ere», erantzun du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.