Jean Grenet Baionako auzapez ohia zendu da, 81 urterekin, eri luzaroan egon eta gero. Henri Grenet Baionako auzapez ohiaren semea, Ipar Euskal Herriko politikagintzako pertsona garrantzitsuetako bat izan da azken hamarkadetan. Baionako auzapeza izan zen 1993tik 2014 arte, eta Frantziako Legebiltzarreko diputatua 2002tik 2012ra. Mugimendu abertzalearen aurkari sutsua, kritika eta polemika andana eragin izan du urteetan zehar. Elkarrizketa egin zion BERRIAk 2018an: «Euskaldunak gaur zurekin izan behar dituzu, koipea eman, baina nik ez dut inoiz horrela funtzionatu»
Kirurgialaria zen ikasketaz, eta aitak sortutako Paulmy klinikan aritu zen lehenbizi. 1989an sartu zen politikan, Baionako herriko hautetsi gisa, Henri Grenet aitarengandik Lapurdiko hiriburuko alkatetza jaso arte, 1995ean. Ordurako 36 urte ziren grenetarrek Baionan agintzen zutela, eta Jeanek 20 hogei urtez eutsi zion aitak emandako aginteari. Guztira, 56 urtez izan da Grenet bat Baionako alkate. 2002. urtean Frantziako Asanbleako diputatu ere izan zen, Pirinio Atlantikoetako 5. barrutian. 2012an, Colette Capdevielle sozialistak kendu zion lekua, legebiltzarreko hauteskundeen bigarren itzulian gailenduta. Alderdi erradikaleko presidenteorde izan zen.
Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Greneten lehen auzapezordea izan zen hogei urtez. Haren heriotzak «galera handia» eragin duela aipatu du sare sozialetan. «Harro nago haren ondoan egon izanaz, ongizate komunaren bilatzean».
Mugimendu abertzalearekiko harremana
Antieuskalduna izatea egotzi zaio maiz Greneti, euskal aurrizkia zuen ororen kontrako borrokalari sutsua zelakoan boterean zegoelarik. Honela adierazi zion BERRIAri 2018an: «Kasu egin behar da beste lekuetan zer gertatzen den ikusirik; Kataluniari buruz pentsatzen dut, batez ere. Gaztelaniaz baino gehiago katalanez ikasten dutelako dira gaur egungo arazoak. Belaunaldi horiek hizkuntza propioa dute normaltasun osoz. Horrek identifikazio eta aitorpen behar bat sortzen du, independentzia saiakera dakarrena. Geroa ez da Europa federala, ez dut inondik ere sinesten. Kontserbadorea naiz, baina zinez sinesten dut Frantzia hexagonalarentzat frantsesa dela hizkuntza naturala».
Azken urteetan, Euskal Herriko gatazka armatuaren konponbidean urratsak egitearen alde agertu zen. Euskal presoen hurbiltzearen alde agertu zen 2012an, Frantziako Asanblean. «Urrats oso garrantzitsua da, argi uzteko orria itzultzen ari dela, eta erakusteko bi aldeetan dagoela bakea lortzeko nahikeria».
Kritikak eta polemikak
Kritika zein polemika ugari eragin izan ditu Jean Grenetek hogei urteko jardunean. Besteak beste, Baionako zezen plazan izandako zezenketen galera ekonomikoa diru publikoarekin tapatu izana leporatu zioten, baita bere hurbileko Peñak lokal publikoak lortzen lagundu izana ere. 2007an, Ebaki musika elkartea kanporatu zuen haren egoitzatik. Era berean, Baionako festen masifikazioaren erantzule nagusi gisa kontsideratzen da.
2005ean polemika handia sortu zuen Baionako bestetan gertatutako bortxaketen harira egindako adierazpenengatik. «Goizeko hiruretan gainekoa kenduta eta tangarekin dantza egitean errazago gertatzen dira bortxaketak», erran zuen. Mugimendu feministak barkamena eskatzeko eskatu zion. Honela azaldu zituen adierazpen haiek 2018an: «Uste dut edozein gizarte eredutan izan direla harrapariak, eta beti existituko direla. [...] Guraso banintz, eta alaba nerabe bat banu, janzkera batzuk ez nituzke aholkatuko».