El Correo egunkariak jakinarazi duenez, Ertzaintza Miren Larrion ikertzen ari da hark ustez identitatea ordezteko delitu bat egiteagatik. Kazetaren arabera, Larrion banku bateko kontu bat zabaltzen saiatu zen, hurbilekoa ez duen bertze pertsona baten nortasun agiria erabilita. Atzo goizean bertan egon zen deklaratzen EH Bilduko eledun ohia Ertzaintzaren komisarian, eta alderdiak arratsaldean eman zuen haren dimisioaren berri. Euskadi Irratiak baieztatu duenez, dagoeneko jasoa du Larrionek epailearen aurrean azaltzeko zitazioa.
Larrionek gaur azaldu du jazotakoa, Twitter bidez zabaldutako mezu batean. Esan du «akats bat» egin zuela. «Une pertsonal zail batean, hasieratik okerra zen irtenbide bat bilatu nuen: kontu korronte bat ireki dut kide baten txartelarekin, estualdi bat izanez gero, dirua sartzeko». Adierazi du bere alderdikideari arrazoiak azaltzeko asmoa zuela, hark ulertuko zuelakoan.
Larrionen arabera, berea zuen diru kopuru txiki bat sartu zuen «kontu pertsonal» baterako, eta zergatiak aurrerantzean garatuko den prozesu judizialean azalduko dituela esan du. Bestalde, adierazi du ez duela nahi bere hutsegiteak EH Bilduren proiektu politikoari eragitea, ezta Gasteiz herriari ere: «Nire gain hartzen dut ordezkari publiko gisa dudan erantzukizuna, inolako aitzakiarik gabe».
Alderdi subiranistak atzo arratsaldean jakinarazi zuen Miren Larrion Gasteizko Udaleko EH Bilduko bozeramailearen dimisioa. EH Bilduk zabaldutako oharrean zehaztu zuen Larrionek bere eremu pertsonalari lotuta dauden gertakari batzuengatik aurkeztu zuela dimisioa, eta alderdiak onartu egin ziola. EH Bilduk zabaldu zuenez, gertakari horiek ezkerreko subiranismoaren kargudun publikoek eta organikoek sinatzen duten kode etikoa urratuko lukete. BERRIA
EH Bildurekin harremanetan jarri da, baina koalizioko iturriek ez dute argibide gehiagorik eman nahi izan, eta Segurtasun Sailak esandakora mugatu dira. EH Bilduk ez du azalpen gehiagorik emateko asmorik, eta gaurko ez du aurreikusi agerraldirik gaiari buruz hitz egiteko.
Radio Euskadik duela gutxi jakinarazi ditu gaiari buruzko xehetasun gehiago: irratiak zabaldu duenez, EH Bilduko beste kide batena da Larrionek ustez banku bateko kontu bat zabaltzeko erabilitako nortasun agiria. Iturri horien arabera, EH Bildun aholkularitza lanetan aritzen da kide hori, eta duela hilabete batzuk salatu zuen diru zorroa galdu zuela.
Ingeniaritza Industrialeko eta Ingurumen Ingeniaritzako doktorea da Larrion, eta Euskal Herriko Unibertsitatean irakasten du. 2015ean EH Bilduren zerrendaburua izan zen Gasteizko Udalerako hauteskundeetan, eta botoen %19,6 eta sei eserleku lortu zituen. Emaitza bera lortu zuen 2020ko hauteskundeetan ere, boto are gehiago lortuta. 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Arabako zerrendaburua izan zen.
EAJk azalpenak eskatu ditu
Andoni Ortuzar EAJren EBBren presidenteak EH Bilduri eskatu dio azal dezala zer gertatu den Miren Larrionekin. Ortuzarrek Radio Euskadin adierazi du «arraroa» dela Larrionekin gertatu dena: «Harritu egiten gaitu gertatutakoak, eta gaiari buruzko argibiderik eta azalpenik ezak. Ez dut espekulatu nahi. Guk Bilduren erasoak pairatu behar izaten ditugu gure afiliatuekin edo kargudun publikoekin zerbait gertatzen denean». Hala, EH Bilduri exijitu dio bete ditzala gutxienez EAJri eskatu ohi dizkion «irizpideen erdiak».
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, berriz, adierazi du abian jarritako ikerketak ondorioztatzen badu Larrionek delitu bat egin duela hark «justiziaren aurrean erantzun beharko duela». Errugabetasun presuntzioa errespetatzeko ere eskatu du. Gauza bera galdegin du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere, eta zehaztu ez dutela ikerketaren inguruko xehetasun gehiagorik.