Sindikatuak

LAB: «ELAk uko egin dio autodeterminazioa gauzatzeko, estatuarekin liskartzeari»

Eremu pribatuan «patronalarekin ere liskartzeari uko egin dio ELAk», sindikatu abertzalearen arabera. Oso haserre azaldu da lan erreformaren aurkako borrokan, Euskal Herriak, Galiziak eta Kataluniak iaz egindako adierazpenetik «baztertu» duelako ELAk.

Garbiñe Aranburu, LABeko idazkari nagusia. MAIALEN ANDRES / FOKU
xabier martin
2021eko otsailaren 22a
16:53
Entzun

LABekin adostutako «beste elkarlan eremu bat» hautsi du ELAk, sindikatu abertzaleak salatu duenez, ohar batez bidez: «Lan erreforma baliogabetzeko ahaleginetik LAB baztertu egin du ELAk; Euskal Herria, Katalunia eta Galiziako lau sindikatu subiranistok joan den urtean eginiko adierazpenaren garapena zapuztu du». Gaur, lan erreforma indargabetzeko ekitaldi bat egin dute ELA, CIG eta CSC sindikatuek, eta mobilizazioetara deitu dute.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusi duen sindikatuak azaldu du ez dela erabaki bat besterik gabe; «aitzitik, azken hilabeteotan LAB-ELA elkarlanaren kontrako hainbat erabaki hartu ditu. Bere eredua eta erabakiak inposatu nahi ditu, eta, hori egin ezin duenean, aldebakarreko erabakiak hartzen ditu, edo LAB ekimen batetik kanpo uzten du».

ELAren jokaera hori «ohiko» bilakatzen ari dela dio LABek. Izan ere, sindikatu abertzaleak uste du jokabide horrek euskal langileen interesei kalte egiten diela, elkarlana sendotzearen alde egin behar den honetan. LABen ustez, bi aldagai daude ELAren jarreraren atzean. «Lehena da eremu publikoan eta azpikontratatuan bai, baina eremu pribatuan patronalarekin liskartzeari uko egin dio ELAk». Sindikatu abertzaleak esplikatu du iazko urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira, Confebaski eta CENi elkarrekin exijitu ziotela 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan astea, emakumeen aurkako soldata arrakalaren ezabaketa eta subrogaziorako bermeak, besteak beste. «Beren ezezkoen aurrean mobilizazio berriak antolatu ordez, Adegirekin eta Confebaskekin elkarlan giroa sustatu du ELAk».

«Confebask eta ELAk harreman onak dituzte»

Elkarlan giro horren adibide batzuk aipatu ditu LABek: Aldi Baterako Erregulazio Espedienteen osagarriak eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena, «borrokarik gabe sinatua». Hala, LABek leporatu dio ELAri oso harreman onean dagoela patronalarekin: «Confebasken eta ELAren arteko harreman on hauek baieztatu dituzte erakunde bietako bozeramaileek». Kexu da sindikatu abertzalea, enplegu duinaren aldeko borroka indartzeko bere proposamenak bazter utzi dituelako gehiengo sindikalaren beste hankak. «Urtarrilean, enplegua defendatzeko harresi bat osatzea proposatu genion hala ELAri eta gainontzeko sindikatuei. Baina ELAk uko egin dio behin eta berriro borroka elkarrekin egiteari».

Bi sindikatuen arteko elkarlana baztertzeko, berriz, ELAk zein beste arrazoi izan lezakeen ere esplikatu du LABek: «ELAk uko egin dio Euskal Herriaren autodeterminazio prozesua gauzatzeko beharrezkoa den Estatuarekiko konfrontazio demokratikoa sustatzeari. 2017ko irailean, aldaketa soziala ahalbidetuko duen burujabetza prozesuaren alde egin genuen bi sindikatuok, baina adierazpena plazaratu eta gutxira utzi zuen bertan behera ELAk, koiuntura politikoa desegokia zela argudiatuta. Ordutik koiuntura politikoa aldatu den arren, ez da sumatzen ELAren aldetik adierazpen hartan hartutako konpromisoei heltzeko inolako interesik».

Jarrera hori aspaldikoa dela ere erantsi du LABek. «Zoritxarrez, horrela izan da azken hamarkada honetan: koiuntura politikoak aldatu dira, aldatu direnez, baina ELArentzat, ez da inoiz heldu une egokia autodeterminazio prozesuaren aldeko konpromisoak hartzeko. Are, euskal harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren aldarrikapenak gero eta leku gutxiago dauka ELAren diskurtsoan». ELA Madrilera begira dagoela ere gaineratu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusi suen sindikatuak, «langileen interesak bertatik defendatuko dituelakoan».

Horregatik, guztiagatik, LABek uste du «ELAk ez duela inolako asmorik egungo marko juridiko-politikoaren mugak gaindituko duen ekimenik sustatzeko». Sindikatu abertzaleak «beharrezkotzat» jo du euskal langileriak eta Euskal Herriak egoera zein den jakitea. «Hala ere, LABek ez du amore emango eta elkarlana garatzeko ahaleginean jarraituko du, posible den eremuetan, bai ELArekin baita bestelako euskal eragile sozial, sindikal eta politikoekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.