Martxoaren 25a mobilizazio eguna izango da Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian, edo hala nahi dute behintzat ELAk, CIG Galiziako sindikatuak eta CSC Kataluniakoak. Espainiako lan erreforma oraindik indargabetzeke dagoela salatu dute hirurek, eta egun horretan kalera irtengo direla lege aldaketa «martxan jartzeko» asmoz. «Ziurgabetasun ekonomikoan gaude, eta beharrezkoak diren neurriak hartu behar dira», aldarrikatu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.
Hiru sindikatu subiranistek agerraldi bateratua egin dute, eta, Lakuntzak azaldu duenez, lege erreforma osoa indargabetu ezean, bi puntu dira «kaltegarrienak», eta horietan jarri du arreta: «Kaleratze kolektiboak errazten dituzten neurriak», eta nazio bakoitzeko hitzarmen sektorialak ahultzen dituztenak: «Marra gorri bat da hori. Hitzarmen estatalek baldintzak okertzen dituzte, eta nazio bakoitzeko sindikatuak ez gara mahai horietan egoten».
PSOEri leporatu diote egoera «onartezina» izatea, eta pandemia ezin dela izan, hain zuzen, egin behar ez diren erreformak egiteko «zurigarri» bat. Alde horretatik, martxoaren 25eko mobilizazioez gain bilera sorta hasiko dute; batetik Yolanda Diaz Espainiako lan ministroari eskatuko diote, eta bestetik bere garaian indargabetzeko prest agertu ziren alderdiekin.