Espainiako Estatuko presondegietan dauden euskal presoek ia hilabete daramate komunikazioak eta lekualdatzeak etenda, eta «blokeo» hori salatu dute Patricia Velez eta Joseba Azkarraga Sare plataformako eta Etxerat presoen senide eta lagunen elkarteko bozeramaileek. Bien esanetan, «presoen eta haien ingurukoen eskubideen aurkako benetako erasoa» da hori, baina ohartarazi dute «eskubide urraketa» hori ez dela berria: «Orain dela urtebete alarma egoera ezarri zenetik urratzen dira presoen eskubideak; harrezkero, itxiera perimetralak egon dira, bertan behera utzi dira familiako komunikazioak eta bisitak mintzalekuan. Badira hilabete asko Frantzian eta Espainian preso dauden zuzeneko senideak ikusten ez dituzten adingabeak; etsi egin duten adineko senideak».
Velez eta Azkarragaren iritziz, estatuek «espetxe barruan beste espetxe bat eraikitzea» erabaki dute, espetxeak itxita: «Neurriz kanpokotzat jotzen dugu hori, kontuan hartuta barruko kutsadura maila eta krisiari aurre egiteko modu hau tentsio handia sortzen duela; egoera ahal den neurrian arintzeko neurriak duela denbora asko hartu behar zituztenean».
Gainera, azaldu dute presoak arrisku taldean daudela eta oraindik ere ez dituztela ezarri haien osasuna «ahalik eta gehien» babesteko neurriak, «hala nola, kalitatezko musukoak emanez; kopuru egokian, bai eta txertoa jartzeko orduan presoei ere lehentasuna emanez, funtzionarioei ematen zaien bezala».
Edonola ere, eta izurriaren egoera ere aintzat hartuta, gogorarazi dute egoera «asko hobetuko» litzatekeela «preso asko, osasunerako eta bizitzarako duten eskubideagatik, libre utziko balira». Horien artean aipatu dituzte gaixotasun sendaezinak dituzten hamazazpi presoak, 65 urtetik gora dituzten hemezortziak, hogei urte baino gehiago giltzapean daramatzaten 53 presoak eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten 60ak.
Horregatik, «eskubideen urraketa desblokeatzeko, espetxeetan espetxe gehiago eraikitzeari utzi eta presoen askatasuna eskatzeko», datorren ostiralean herrietan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.