Naziometroa: termometro eta iparorratz solasaldia ikusi ahalko da asteazkenean, 18:30ean, Berria.eus atarian eta Hamaikagara.eus webgunean. Horrekin hasiko da Hamaika Gara egitasmoak burujabetza eta erabakitzeko eskubidearen inguruan antolaturiko solasaldi zikloa. Denera zazpi mahai inguru egingo dituzte.
Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Telesforo Monzon eLaborategiak eginiko ikerketa da Naziometroa. 1.289 elkarrizketa egin zituzten udazkenean Euskal Herriko lurralde guztietan. Ondorioztatu dutenez, Hiru euskal herritarretik bik (%63k) uste dute beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela. Euskal Autonomia Erkidegoan, herritarren %64 dira erabakitzeko eskubidearen aldeko; Ipar Euskal Herrian, %58; eta Nafarroan, %63. Sei hilabetetik behin egingo dute galdeketa, horren bidez joerak aztertu ahal izateko.
Solasaldian, galdeketaren ondorioak eta emaitzak laburtuko ditu Arkaitz Fullaondo ikerketaren batzorde zientifikoko kideak. Azalpenak entzun ostean, solasaldia egingo dute Xabier Barandiaran EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kideak, Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatuak eta Floren Aoiz Iratzar fundazioko buruak. Zelai Nikolas Eusko Legebiltzarreko legelariak zuzenduko du eztabaida.
Ekainera arte egingo dituzte zikloko gainerako eztabaidak, hurrenkera honetan:
Martxoak 17:Hizkuntza eta politika. Normalizazioa helburu.
Apirilak 14: Hezkuntza sistema propio eta burujabe baterantz.
Maiatzak 12:Galeusca. Hiru herri erabakitzeko bidean.
Maiatzak 26:Ongizate krisia. Salbuespen egoeraren aurrean, erantzun berri bila.
Ekainak 16:Nork erabakitzen du (eta nork ez)? Gobernantza eredu berri baterantz.
Ekainak 30:Espetxe politika: aro berria, oztopoak eta transferentziak.
«Herri eztabaida» sustatzeko beharra aipatu zuten zikloaren bultzatzaileek aurkezpenean. Han izan ziren Amalur Alvarez (Gure Esku), Mikel Olaiz (OlatuKoop), Ainhoa Olaso (Bilgune Feminista), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea) eta Martxelo Otamendi (BERRIA). «Burujabetza modu transbertsal batean» landu nahi dutela adierazi zuen Alvarezek.
Maiatzaren 12an, erabakitzeko eskubidearen inguruko mahai ingurua egingo dute: Galeusca: Hiru herri erabakitzeko bidean izenburupean. Marcel Mauri Kataluniako Omnium Culturaleko ordezkariak, Maria Xose Bravo Via Galega taldeko kideak eta Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak hartuko dute parte horretan.