Goizean goizetik indartsu dabil haizea Euskal Herrian, eta Nafarroan emana zuten abisua: handia zen suteak izateko arriskua. Suteetako bat Nafarroaren, Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan piztu da indartsu, Berako Antzuzelaiko parajean, Irungo Bidasoa auzorako bidean, N-121-A errepidetik eta Bidasoa ibaitik hurbil. Haize handia dago han, eta sugarrek berehala hartu dute indarra. Hori dela eta, Foruzaingoak N-121-A errepidea moztu du goizean, 66. kilometroan, kearengatik; baina, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, bidea berriro ireki dute arratsalde hasieran. BERRIAk jakin ahal izan duenez, ordea, ertzainek moztuta daukate errepidea Behobian: ez dute uzten Nafarroarantz joaten, eta Bidasoa ondotik doan bide berdea ere itxita daukate. San Martzial mendiko errepidea ere itxita dute udaltzainek.
Lesakara, Biriatura, Urruñara eta Azkainera (Lapurdi) ere hedatu da sutea. Ke laino batek hartuak ditu inguru horiek guztiak. Sua baserri, borda eta etxebizitzetara ere gerturatu da. Azkaine eta Urruña artean suhiltzaileek 68 lagun sokorritu dituztela jakinarazi du Philippe Le Moing-Surzur suprefetak: horietako 40 bentetan atzeman dituzte, bertze hogei mendian eta azken zortziak Larhungo trenean jaitsi dituzte. Suprefetaren hitzetan, bi sute dira pizturikoak: bata Berakoa eta bertzea Larhun mendikoa. Filipe Aramendi Urruñako auzapeza Azkaine eta Urruña arteko Oleta auzora hurbildu da arratsaldean, eta kezka adierazi du dabilen haizeagatik. Suprefetak ere bai: «Haizea gaizto dabil, eta zaila da jakitea egoeraren garapena zein izanen den». Jakinarazi duenez, halere, oraingoz ez dute etxebizitzarik hustu behar izan Lapurdiko aldean: etxebizitza batzuk babesten ari dira, dena den, badaezpada. 96 suhiltzaile ari dira lanean Lapurdiko aldean.
Philippe Le Moing-Surzur suprefeta hor da, Oletako auzoan, Urruña eta Azkaine artean. Suhiltzaileek 68 lagun sokorritu dituzte. @berriapic.twitter.com/fREe8fKjCG
— Oihana (@oi_tsr) February 20, 2021
Nafarroako Suhiltzaileek hainbat etxe hustu dituzte Ibardinen, eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi du neguko suterik handiena dela gaur piztutakoa. Ez da bakarra, ordea: atzo gauean Oteitzoianan (Narbarte) eta Gorostapolon (Erratzu) ere piztu ziren suak —gauean zehar itzali dituzte suhiltzaileek—, eta jakinarazi dute oraindik bi foku piztuta daudela Alkurruntzen eta Oronozen.
Handia izan da larrialdi zerbitzuen dispositiboa: Basoko Suteen Arrisku Planean aurreikusitako bigarren fasea ezarri du Nafarroako Gobernuak. Foru erkidegoaren baliabide propioak nahikoa ez eta Espainiako Gobernuari laguntza eskatzen zaionean ezartzen da fase hori. Zehazki, Cordovilla eta Oronozko parkeetako suhiltzaileak, Bera eta Lesakako suhiltzaile boluntarioak eta basozainen zerbitzuko suhiltzaileak aritu dira lanean, goizean goizetik.
Haize ufada bortitzen ondorioz, baina, ezin izan dituzte helikopteroak erabili. Horren ordez, suteen aurkako hidrohegazkin bat eta Kamov helikoptero astun bat bidaltzeko galdegin dio Maria Txibiteren gobernuak Espainiako Armadari. Horiek ere ez dira iritsi, ordea: Torrejongo base militarretik aterata (Espainia), haizeteak eragindako turbulentziak «arriskutsuegiak» direla ondorioztatu eta bide erdian buelta eman dute Espainiako Armadaren ibilgailuek.
Gipuzkoara ere hedatu da sutea Endarlatsatik. eta, hortaz, Gipuzkoako Foru Aldundiak dozena bat ibilgailu eta hogei bat suhiltzaile mobilizatu ditu hori itzaltzen ahalegintzeko. «Gipuzkoan 100 bat hektarea erre ditu suteak, eta erabaki dugu, badaezpada ere, Irungo Bidasoa auzoko 20 bat baserri hutsaraztea», jakinarazi du Eider Mendoza Gobernantza diputatuak, komunikatu batean. Foru aldundiak aginte postua ezarri du Irungo Zaisa poligonoan, eta handik ari dira egiten jarraipena. Legazpi, Zarautz eta Irungo parkeetako suhiltzaileak dira.
Azken urteetan izurrite batek jotako boj zuhaitz gune bat izaki, eta haize azkarrak lagunduta sugarrek indarra hartu dute. pic.twitter.com/sN9i7YYstR
— Antxeta Irratia (@antxetairratia) February 20, 2021
Antxeta Irratiak aipatutako iturri ez-ofizialen arabera, suhiltzaileek egiaztatu dute sutea nahita piztua izan dela, Berako Sarriako meategien inguruan. Baionako suprefetak, ordea, erran du ezezaguna dela suteen jatorria, oraingoz.
Antxeta Irratiak jakinarazi duenez, hego haizeak Lapurdi aldera darama haizea, eta irudi ikusgarriak uzten ari da kostaldean. Irungo Bidasoa auzoko hainbat baserri eta jatetxe bat hustu egin dituzte, halaber. Jose Antonio Santano Irungo alkateak sare sozialetan jakinarazi du suaren ondorioz hustu dituztela. Adierazi du kezkaz jarraitzen ari dela suaren hedadura: «Haizea da gure etsairik handiena».
Berako suteak aurrera darrai, eta hego-haizeak ke gehiena Iparraldera bideratu du (irudian Ziburutik). Espainiako UME Berara iritsi da 16:30an laguntzeko, eta Ibardin desalojatzea agindu dute. Baita Irungo Bidasoa auzoko hainbat baserri eta Patrixi jatetxea ere.@euskalirratiakpic.twitter.com/LJ9O3jtJBb
— Antxeta Irratia (@antxetairratia) February 20, 2021