Memoria Gara-k adierazi du orain proiektua «zehaztu»â€ˆbehar dela

Biktimen Oroimenezko Zentroaren balorazioa egiteko agerraldia egin du Memoria Gara ekinbideak, Gasteizen. Bilera bat egin zuten instituzioekin urtarrilaren amaieran, eta ekinbideak dokumentu bat aurkeztu die.

Memoria Gara ekinbideak agerraldi bat egin du gaur Gasteizen, San Frantzisko elizaren alboan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko otsailaren 20a
12:53
Entzun

Memoria Gara ekinbideak agerraldi bat egin du gaur goizean, Gasteizko San Frantzisko elizaren alboan, Zaramaga auzoan. 1976ko martxoaren 3an, Poliziak bost langile hil eta ehunka zauritu zituen bertan, eta, gertakari eta biktima horiek oroitzeko asmoz, Biktimen Oroimenezko Zentroa eraikitzeko akordio bat sinatu dute asteotan instituzioek. Nerea Martinez eta Josu Santamaria Memoria Garako kideek balorazioa egin dute gaurkoan, eta azpimarratu dute «ospatzeko» egun bat dela, baina «lehen urrats bat baino» ez dela. Hain zuzen, orain proiektua «zehaztu eta adostu» behar dela uste dute, hala nola baliabide ekonomikoak esleitzeko eta lan egutegi bat ezartzeko: «M3a ezin izango da inoiz izan memoria gentrifikatzeko plataforma bat; ez dugu nahi eraikin huts bat den zentro bat, objektuz betetako edukiontzi huts bat».

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak ostegunean sinatu zuten akordioa. Haien arabera, zentroa sortzeko «lekurik egokiena» da eliza, eta azpimarratu zuten «historikoa» izan zela akordioa lortzea, besteak beste «egun hartako gertakariekin eta biktimekin duten zorra kitatzen hasteko». Fundazio bat sortzea da asmoa, eta, horretarako, Elizbarrutiak eliza utziko dio. Jakinarazi zuten ekinbideak instituzioen «lidergoa» izango duela, baina gizarte eragileekin ere jardungo duela, soilik era horretan izango baita posible biktimen «memoria» errealitate bihurtzea. Hala ere, erantsi zuten zentroaren sorreran «zuhurrak» izatea beharrezkoa dela, eta oraindik lan «handia» dagoela egiteko. Dena dela, aurreratu zuten zentroa «urtebete barru» martxan egon daitekeela.

Memoria Gara-k, bide beretik, zentroa eliza horretan sortzearen garrantzia azpimarratu du. «Eliza hau betiko egongo da lotuta Martxoaren 3 hartatik aldarrikatzen diren eta oraindik lortu gabe dauden egiarekin, justiziarekin, erreparazioarekin eta ez errepikatzeko bermearekin». Bozeramaileek zehaztu dutenez, orain dela bi urte aurkeztu zuten ekinbidea, eta Elizbarrutiari eskaera egin zioten memoria gune bat bertan ezartzeko, eta baita erakundeei proposamen hori babesteko eta elkarlanean aritzeko ere. «Tenpluan sarraskiaren biktimen memoriarekin lotutako proiektu bat aurrera eramatea aldarrikatzen genuen, borroka horiei jarraipena emango ziena, eta, aldi berean, beste memoria batzuk garatzeko balio zezakeena». Gasteizko «memoria inklusiboa» bizirik mantentzen jarraitzeko asmoz, beraz, atxikimenduak batzen hasi ziren, eta ohartarazi dute bi ildo nagusitan hasi zirela lanean: batetik, proposamenak gizarteratu nahi zituzten; eta, bestetik, edukiei, espazioko esku hartzeari eta haren kudeaketari buruzko oinarrizko ezartzen aritu ziren, proiektua diseinatzeko.

Bilerak ere egin dituztela adierazi dute ekinbideko kideek, besteak beste akordioa sinatu zuten instituzioekin. Urtarrilaren 29an elkartu ziren lehen aldiz, eta, bozeramaileek azpimarratu dute orduan jakinarazi zietela Gasteizek memoria gune bat izango zuela. «Guk lehen eskuko informazioa izateko konpromisoa hartu zuten, baina prentsaren bidez jaso genuen hurrengo berria».

Proiektu propioa

Memoria Gara-k adierazi du dokumentu bat aurkeztu zietela instituzioei urtarrilaren amaieran eginiko bilera hartan, M3 San Frantzisko memoriarako espazioa izenpean. Bozeramaileen arabera, horrek memoria gune bat eraikitzeko oinarriak barnebiltzen ditu, eta, zehazki, 2020ko otsailean eginiko Martxoaren 3a, Memoria(k), Espazioa(k) eta Kolektiboa(k) jardunaldietan ateratako ondorioen laburpen bat da. Hainbat adituren hitza jaso zuten egun horietan, eta tailer irekiak eta elkarrizketak ere egin zituzten jardunaldiak eta oinarriak zehaztu ahal izateko. «Helburua eliza honetan etengabe aldatuko den espazio didaktiko bat sortzea da, bere funts propioa izango duena, ikerketa sustatuko duena eta biktimei ahotsa emango diena», azaldu dute Martinezek eta Santamariak.

Ekinbideko kideei, beraz, «ezinbestekoa» iruditzen zaie dokumentu horretan jasotakoa gogoan izatea zentroa sortzerako orduan, eta, era horretan, «biktimen eta gizarte zibilaren» esku hartzea bermatzea. Euskal Herriko eta kanpoko beste gune batzuetako adibideak aztertzea ere garrantzitsua dela uste dute. «Ez dugu onartuko proiektuari ekarpenik egiten uzten ez diguten agertokirik, hala izan baita beti munduaren luze-zabalean antzeko beste memoria proiektuetan ere». Hala ere, aitortu dute pozik daudela, eta «herri oso baten borroka nekaezinaren» emaitza izan dela lortutako akordioa, hala nola «martxoaren 3ko memoria ahanzturan» geratu ez dadin. «Ezinezkoa zela esan ziguten eta hemen gaude».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.