Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emakumeen %32k uste dute emakume izateagatik inoiz diskriminatu egin dituztela lanean. %20k «noizean behin» sentitzen dute bazterketa hori; %7k, «sarritan» eta %5ek, «oso sarritan». Horrek ez du esan nahi besteek inoiz halakorik sentitu ez dutenik, %73 «gutxitan edo inoiz ez» izan baitira diskriminatua. Gauzak hala, %5ek bakarrik diote «inoiz ez» dituztela diskriminatu. Gizonezkoen kasuan, %11 dira diskriminatzen dituztela uste dutenak.p>
Eusko Jaurlaritzak lantokietako soldata eta genero arrakalari buruz eginiko inkesta baten emaitzetako bat da hori. Diskriminazio sentipen hori areagotu egiten da ikasketa mailak gora egin ahala. Izan ere, goi mailako ikasketadun emakumeen %38k sentitzen dute diskriminazioa –noizean behin, sarritan edo oso sarritan--, bigarren mailako ikasketadunek (%33) edo oinarrizko ikasketadunek (%22) baino gehiago. Gizonezkoen kasuan, joera alderantzizkoa da. p>
Pertzepzio horretan sakondu du inkestak, eta, esaterako, emakumeen %79k uste dute gizonezkoei baino gutxiago ordaintzen dietela, alegia, soldata arrakala existitzen dela. Gizonezkoen artean %72 dira emakumeei gutxiago ordaintzen zaiela uste dutenak. Soldata arrakala ikusi bai, baina kontzeptua ezagutzen al dute? Emakumeen %63k eta gizonezkoen %76k bai. Are gehiago, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %79 soldata arrakalari aurre egiteko legezko neurriak hartzearen “erabat alde” daude. Batez besteko hori %81era handitzen da emakumezkoen kasuan.