Sare sozialak

Tiktokek Galiziako Gobernuaren bideo bat ezabatu du galizieraz delako

Sare sozialak berak Gobernuari argudiatu dio galiziera ez dagoela onartzen dituzten hizkuntzen artean. Hizkuntz politika berriro aztertzeko eskatu dio Gobernuak Tiktoki.

Bideoaren irudi bat. GALIZIAKO GOBERNUA
jon ordonez garmendia
2021eko otsailaren 18a
18:31
Entzun

Galiziako Gobernuak jakinarazi duenez, Tiktok sare sozialak #aculturasegue kultur kontsumoa sustatzeko kanpainako bideoa ezabatu du sare sozial horretatik galizieraz delako. Azaroan abiatu zuten kanpaina pandemiak sektorean duen eragina apaltzeko, baina bideoa galizieraz denez, Galiziako Gobernuaren arabera, Tiktokek ezabatu egin du estatu bakoitzeko hizkuntza bakarra onartzen duelako.

Anxo Lorenzo Galiziako Gobernuko Kultura idazkari nagusiak esan du Tiktoken hizkuntz politika «zaharkitua» dagoela, eta berriro aztertzeko eskatu dio. Kanpainak gazteengana iristea du helburu, eta beste sare sozial batzuetan argitaratu da bideo hori bera, Twitterren eta Instagramen, esate baterako, eta eragozpenik ez dute izan. Tiktokek, ordea, Galiziako Gobernuari argudiatu dio galiziera ez dela sare sozial horretan onartuta dagoen hizkuntza bat.

Estatu bakoitzean hizkuntza bakarra onartzen duenez, Espainiarenean sustapenak soilik gazteleraz onartzen ditu Tiktokek. Modu horretan, ezin da sustapen kanpainarik egin ez galizieraz, ezta katalanez eta euskaraz ere. Lorenzok gaur agerraldi batean azpimarratu du sare sozial horrek ez duela ezagutzen zein den hizkuntzen errealitatea Espainiako Estatuan eta ez dituela hizkuntza koofizialak aintzat hartzen.

«Jada bi jakinazpen ofizial helarazi dizkiegu, guk sustatu nahi genuen bideoa argitaratu dezaten, baina ez dugu erantzunik jaso», adierazi du Lorenzok. Gaineratu du jarraituko dutela helburu horrekin lanean, bideoa argitaratu dezaten, kulturaren sektorearentzat garrantzi handikoa delako sustapen kanpaina hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.