Memoria

Martxoaren 3ak oroimenerako leku bat izango du

Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzeko akordioa sinatu dute Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak. Instituzioek izango dute «lidergoa», baina gizarte eragileekin jardungo dute. Memoria Gara ekinbideak larunbatean egingo du agerraldia.

Gonzalezek, Elizaldek, Artolazabalek eta Urtaranek gaur sinatu dute akordioa, Gasteizko San Frantzisko elizan. IREKIA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko otsailaren 18a
13:21
Entzun

Lehen urrats bat egin, eta 1976ko gertakariak eta biktimak oroitzeko eta memorian iltzatzeko asmoz, Biktimen Oroimenezko Zentroa sortzeko akordio bat sinatu dute instituzioek. Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan ezarriko dute espazioa, egun hartako gertakarien leku berean, hain zuzen. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du zentroa sortzeko «lekurik egokiena» dela eliza, eta azpimarratu du «egun historiko bat» dela: «Egun horretako gertakariekin eta biktimekin dugun zorra kitatzen hasiko gara, behin betiko». Haren arabera, zentroa «oroimenaren gunea eta elkarbizitzaren itsasargia» izango da, eta horretarako lehen harria jarri dute gaur.

Sailburuarekin batera, gaur goizean eginiko akordio sinatzean izan dira Ramiro Gonzalez Arabako Foru Aldundiko ahaldun nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Juan Carlos Elizalde Gasteizko Gotzaindegiko gotzaina. Hasierako asmoa, printzipioz, fundazio bat sortzea da, hala nola memoriaren zentroa sustatzeko eta kudeatzeko, eta, horretarako, Elizbarrutiak eliza utziko dio fundazioari. Ekinbideak instituzioen «lidergoa» izango duela azpimarratu du Artolazabalek, baina gizarte eragileekin ere jardungo dutela. Haren ustez, soilik era horretan izango da posible biktimen «memoria» errealitate bihurtzea. Herri mugimenduetako ordezkariak eta Martxoak 3 elkartea, ordea, ez dira gaurko aurkezpenean egon, eta larunbatean egingo dute agerraldi bat.

Memoriaren garrantzia izan du oinarri Artolazabalek: «Memoria ez da soilik iragana; memoria, batez ere, etorkizuna da, egiaren eta elkarbizitzaren alde jarduteko». Erantsi du inork ez diela bizia itzuliko ia orain dela 45 urte Poliziak hil zituen bost langileei, baina posible dela «memoriaren, egiaren eta errekonozimenduaren» eskubidea bermatzea. Bide beretik, gertakarien erantzulea zein den ere azpimarratu du: «Martxoaren 3an Polizia armatuak indarkeria bereizi gabe erabiltzearen erantzulea Espainiako Estatua da; egindako kaltea aitortzeaz gain, irmoa izan behar du autokritikan eta aitorpenean, erabat bidegabea izan baitzen gertaera».

Gonzalezek nabarmendu du «denbora gehiegi» igaro dela zentro honen lehen urratsak sinatzeko, eta gizarteak «urteak» daramatzala aldarrikapen berberarekin. «Urte hauetan guztietan biktimak, askotan, aitorpenik eta erakundeen laguntzarik gabe sentitu dira». Zehazki, azpimarratu du Arabako Foru Aldundiak lehen erakunde aitorpena 2008an egin ziela biktimei. Urtaranek ere urte hauetako guztietako borroka izan du oinarri, baina azaldu du orain dela 45 urtetik ari direla justizia eskatzen: «Sarraski haren ondoren, baten batek pintaketa ikoniko bat egin zuen, odolarekin, eliza honetatik hurbil dagoen zoladuran, eta, haren bidez, justizia eskatzen zuen bost langile horien erailketarengatik». Beraz, honek ere uste du justizia eta erreparazioa bermatzeko memoria egitea «beharrezkoa» dela.

Urtebeteko epea

Gaur, soilik lau aldeen arteko akordioa sinatu dute San Frantzisko elizan, eta Artolazabalek erantsi du, oraindik, lehen bilera batzuk egin dituztela, eta ez dutela egutegi zehatzik eskaini. Hala ere, nabarmendu du «urtebete barru» martxan egon daitekeela zentroa. Haren arabera, zentroaren sorreran «zuhurrak» izatea beharrezkoa da, eta oraindik lan «handia» dago egiteko, hala nola elkarteekin eta sindikatuekin. Pausu hau «hasiera» besterik ez dela gaineratu du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.