Katalunia

Puigdemonti immunitatea kentzearen aldekoa da Europako Parlamentuaren txostena

Astelehenean aurkeztuko dute Batzorde Juridikoan, eta hark baietza emanez gero, osoko bilkurak berretsi beharko du, martxoan. Erabakiak Cominen eta Ponsatiren egoerei ere eragingo die.

Puigdemont, hauteskunde kanpainako agerraldi batean. QUIQUE GARCIA / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko otsailaren 18a
12:48
Entzun

Datorren astelehenean Europako Parlamentuaren Batzorde Juridikoan aurkeztuko den proposamena aurreratu du Espainiako ABC egunkariak. Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsati europarlamentariei immunitatea kentzearen alde egingo du, Espainiako Auzitegi Gorenak eginiko eskaerei men eginez. Biharamunean, JxCATeko kideei immunitatea kendu edo ez bozkatu beharko dute batzorde horretako parlamentariek. 

Efe agentziak jasotako informazioaren arabera, txostenak argudiatzen duen arrazoietako bat da Espainiako Justiziak leporatzen dizkieten ustezko delituak europarlamentuko kide izan aurretik eginak direla, eta ez dutela zerikusirik Europako Parlamentuan duten jardunarekin. Hala, txostenaren egile Angel Dzhambazkik uste dute ez dagoela arrazoirik immunitatea indargabetzeko Espainiak eginiko eskaerari ezezkoa emateko. Dzhambazki Bulgariako VMRO alderdiko kide da. Europako Parlamentuko Europako Kontserbadoreen eta Erreformisten taldeko kide da VMRO, besteak beste, Legea eta Justizia, Vox eta Italiako Anaiak eskuin muturreko alderdiekin batera.

Europako Parlamentuko Batzorde Juridikoa 25 kidek osatzen dute, eta horietatik zazpi Europako Alderdi Popularreko kide dira, eta bost koalizio sozialdemokratakoak. Espainiako alderdiei dagokionez, PPk eta PSOEk bina kide dituzte batzordean, eta Ciudadanosek bat, presidentea. Aste honetan bertan, txostena argitaratu aurretik, PSOEko kideek uko egin diote euren botoa zein izango den aurreratzeari.  

Izatez, Europako Parlamentuaren araudiaren arabera, Batzorde Juridikoak eskaera egiten duen estatuari ezezkoa emateko aukera du, hura eurodiputatu gisa emaniko iritzi edo boto baten ondorio bada, edo politikaria epaitzearen arrazoia haren edo Europako Parlamentuaren jarduera politikoa etetea bada. 

Asteartean Batzorde Juridikoak Espainiak eginiko eskaeraren alde egingo balu, martxoaren 8tik 11ra egingo den osoko bilkurak erabakia berretsi beharko luke. Horrek, Espainiako ABC egunkariaren arabera, Espainiak Belgikari eginiko atxilotze eskaera berrikustea eragingo luke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.