Euskal presoak

Auzitegi Nazionalean auzipetu dutela jakinarazi diote Josu Urrutikoetxeari

Bideokonferentziaz bildu da, Paristik, Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailearekin, eta 'herriko tabernen' eta Luis Herguetaren aferetan auzipetu dutela jakinarazi diote. Bere kontrako akusazioak ukatu ditu Urrutikoetxeak.

Josu Urrutikoetxea, Parisen. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko otsailaren 17a
15:46
Entzun

Herriko tabernen eta Luis Herguetaren aferetan auzipetuko dutela jakinarazi dio Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak Josu Urrutikoetxea ETA zeneko kide historikoari. Gaur goizean zuen hitzordua Urrutikoetxeak Parisko epaile antiterrorista baten bulegoan, eta handik egin du bilkura, bideokonferentziaz.

Joan den urteko azaroan berretsi zuen Frantziako Kasazio Auzitegiak Urrutikoetxearen Espainiaratzea herriko tabernen auziagatik. Herguetaren kasuan, haren kontrako estradizio eskaera ontzat jo zuen Dei Auzitegiak.

BERRIAk jakin ahal izan duenez, gaur goizean Pedraz epailearen galderei erantzuteari uko egin dio, eta aitzinetik prestatutako testu bat irakurri du, erranez Eusko legebiltzarreko parlamentari gisa dozenaka eragilerekin bilkurak egin zituela, eta egin zuen lan politikoa kriminalizatu nahi dutela. Herguetaren aferari dagokionez, ekintza hori ETApm-k egin zuela berretsi du, eta erran du bera ez dela inoiz erakunde horretako kide izan.

«Ekineko arduradun»

Baltasar Garzon epaileak 2005eko otsailaren 28an auzipetu zuen Urrutikoetxea herriko tabernen auzian (35/02 sumarioa); Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak bozetara deitu eta Eusko Legebiltzarra desegitearen ondorioz Urrutikoetxeak legebiltzarkide izateari utzi eta astebetera. Garzonek 2001eko uztailean Ekineko ustezko hainbat lagun auzipetzean hura «Ekineko gune nazionalaren arduradun» gisa jo zuen arren, ezin izan zuen prozesatu, foruduna baitzen. Instrukzio epailearen arabera, KASen ordezkoa zen Ekin, ETA barruan zegoen eta haren «bulego politikoa» zen, eta ezker abertzalearen zuzendaritza eta kontrol lanak egiten zituen. Herriko tabernen auziko operazioa 2002ko apirilean agindu zuen epaileak.

35/02 sumarioko ahozko epaiketa 2013ko urrian hasi zen, Auzitegi Nazionalean, eta 36 lagun eseri ziren akusatuen aulkian. Urrutikoetxea 2002ko udazkenetik ihesian zen, eta ez zuten epaitu. Zortzi eta hamabi urte arteko espetxe zigor eskaerekin ekin zioten epaiketari, eta sententziak (2014) urtebete eta hiru urte arteko kartzela ezarri zien hogei laguni: HBko eta Batasuneko zortzi mahaikide ohiri, «ETAren fronte instituzionala» osatzea, erakunde armatuko kide izatea eta herriko tabernen sarea kontrolatzea egotzita; eta herriko tabernen zatiko hamabi auzipeturi, elkarteen bidez «ETAren egitura»finantzatu eta laguntzeagatik. Defentsak Gorenera jo zuen, eta horrek 2015ean kartzela urteak jaitsi egin zituen, gehienezko zigorra bi urtetik behera jarrita; horrela, Gorenaren epaiaren ostean zigortutako inor ez zuten sartu preso.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.