Erabakitzeko eskubidea

Hamaika Gara-k eta BERRIAk solasaldi ziklo bat antolatu dute

Datorren asteazkenetik ekainera bitartean egingo dira mahai inguruak.

jon olano
2021eko otsailaren 17a
12:50
Entzun

Hamaika Gara egitasmoaren sustatzaileek solasaldi ziklo bat antolatu dute, burujabetzak eta erabakitzeko eskubideak «arduratzen» dituzten eta «aktualitateari lotuta dauden beste gai batzuekin duten intersekzionalitatea aztertu eta herri eztabaida bat elikatzeko asmoz». Datorren asteazkenean hasiko dira, eta zazpi mahai inguru prestatu dituzte ekainera bitartean.

Lehen solasaldia Naziometroa: termometro eta iparorratz izango da. Parte Hartuz ikerketa taldeak eta Telesforo Monzon eLaborategiak eginiko barometroaren ondorioak eta emaitzak laburtuko ditu Arkaitz Fullaondo ikerketaren batzorde zientifikoko kideak, eta, segidan, Xabier Barandiaran EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kidearen, Roberto Uriarte Unidas Podemoseko diputatuaren eta Floren Aoiz Iratzar fundazioko buruaren arteko solasaldi bat egingo dute, Zelai Nikolas Eusko Legebiltzarreko legelariak zuzenduta. Gaur zortzi izango da, 18:30ean, eta ikusgai izango da Berria.eus atarian.

Hitzaldiak (guztiak 18:30ean):

Otsailak 24:Naziometroa: termometro eta iparorratz.

Martxoak 17: Hizkuntza eta politika. Normalizazioa helburu.

Apirilak 14: Hezkuntza sistema propio eta burujabe baterantz.

Maiatzak 12: Galeusca. Hiru herri erabakitzeko bidean.

Maiatzak 26: Ongizate krisia. Salbuespen egoeraren aurrean, erantzun berri bila.

Ekainak 16: Nork erabakitzen du (eta nork ez)? Gobernantza eredu berri baterantz.

Ekainak 30:Espetxe politika: aro berria, oztopoak eta transferentziak.

Zikloaren aurkezpenean honako hauek izan dira: Amalur Alvarez (Gure Esku), Mikel Olaiz (OlatuKoop), Ainhoa Olaso (Bilgune Feminista), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea) eta Martxelo Otamendi (BERRIA). Alvarezek nabarmendu du gizarte eragileek «etorkizuneko erabakien parte» izan nahi dutela: «Agian ezin dugu erabaki krisi honetatik noiz aterako garen, baina bai nola». Erantsi du «burujabetza modu transbertsal batean» landu nahi dutela, eta garaia dela «herri eztabaida» sustatzeko.

Otamendik, berriz, nabarmendu du herri gogoeta sustatzea eta zabaltzea dela hedabideen eginkizuna, eta, bide horretan, beharrezkotzat jo du gizarte mugimenduekiko lankidetza: «Guretzat oso garrantzitsua da elkarte hauekin guztiekin lan egitea».

Datorren asteazkenekoaz gain, solasaldi bat nabarmendu du Otamendik: maiatzaren 12an, erabakitzeko eskubidearen inguruko mahai ingurua egingo dute, Galeusca: Hiru herri erabakitzeko bidean izenburupean. Hor parte hartuko dute Marcel Mauri Kataluniako Omnium Culturaleko ordezkariak, Maria Xose Bravo Via Galega taldeko kideak, eta Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileak.

Horiez gain, Olaizek adierazi du COVID-19aren pandemiak «krisiak azaleratu eta azeleratu» egin dituela: «Eredu aldaketa bat beharrezkoa dela uste dugu, eta erantzunak batera bilatu behar ditugula». Olasok, berriz, ezinbestekotzat jo du «gobernantza ereduaz» eztabaidatzea, eta Tellituk hezkuntza arloari erreparatu dio: «Burujabetze prozesuak bete-betean eragiten du guretzat garrantzitsuak diren hainbat alorretan; hezkuntzan eta euskaran, adibidez. Zergatik ez gara eseriko elkarrekin pentsatzera nolakoa izango litzatekeen erabateko subiranotasunez erabakiko genukeen hezkuntza sistema bat? Zein da gure herriak behar duen hezkuntza?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.