Zientzia

Bihar iritsiko da Martera EHUk parte hartutako Mars 2020 misio espaziala

'Perseverance' izeneko ibilgailua Marteko azalaren gainean  jarriko dute, eta hark zenbait ikerketa egingo ditu

Sanchez Lavega, Ferreira eta Madariaga, agerraldian. TERE ORMAZABAL
gotzon hermosilla
2021eko otsailaren 17a
12:18
Entzun

Bihar iritsiko da Martera, 21:50ean (Euskal Herriko ordua), NASA agentziaren Mars 2020 misio espaziala. Espaziontzi batek  haraino eraman du Perseverance izeneko ibilgailua, 200 eguneko bidaia egin ondoren, eta jausgailu baten bidez planetaren azalera jaurtiko du. Gero, laginak hartzen, fenomeno meteorologikoak neurtzen eta ikerketak egiten jardungo du.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko bi ikerketa taldek parte hartu dute misio horretan. Zehazki, Agustin Sanchez Lavegak zuzentzen duen Planeta Zientzien Taldeak MEDA izeneko gailuaren diseinuan parte hartu du. Marteko ingurumena eta eguraldia aztertuko ditu gailu horrek: tenperatura, presioa, hezetasuna, haizearen indarra, hauts erauntsiak eta abar neurtuko ditu. Sanchez Lavegak azaldu duenez, asmoa da han ere eguraldiaren iragarpena egin ahal izateko datuak biltzea: batez ere, gailuarentzat hain kaltegarriak izan daitezkeen harea ekaitzak aurreikusteko.

Bestalde, Juan Manuel Madariagak zuzentzen duen IBeA ikertaldeak Supercam izeneko laser kameraren diseinuan parte hartu du. Horrez gain, misioaren diseinuan ere parte hartu du: adibidez, Perseverance ibilgailuak Jezero izeneko kraterra aztertuko duela erabaki duen lantaldeko partaide izan da, kraterrean ibilgailuak egin beharreko ibilbideak zehazten ere aritu da, eta kraterraren mapa egiten ere lagundu du. Horri eskerrak, Marteko krater horretako paraje bati Urbasa-Andia izena jarri diote, eta Urdaibai beste bati.

Madariagak azaldu duenez, NASAk eskatuta, EHUk operazio zentro bat ere sortu du Leioako fakultatean (Bizkaia). Han, talde bat arituko da Martetik iritsitako datu eta informazioak aztertzen, eta asmoa da, pandemiak ahalbidetzen badu behintzat, herritarrei ere aukera ematea ikerlarien lana zuzenean eta bertatik bertara ikusteko.

Eva Ferreira EHUko errektoreak esan du EHU «harro eta pozik» dagoela, proiektu hau euskal unibertsitate publikoak lortutako «nazioartekotze mailaren» adierazgarri baita.

BERRIAk 2019ko irailean elkarrizketatu zituen Perseverance gailuarentzat SuperCam kamera garatu zuten NASAko ikertzaile Roger Wiens eta Samuel Clegg. Euskal Herrian izan ziren, Marteren esplorazioan egin duten lanaren berri ematen eta EHUko IbeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) taldeko Juan Manuel Madariagarekin eginiko elkarkidetza azaltzen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.