Intsumisioa

Intsumisioari buruzko artxibategia osatu du Nafarroako Gobernuak

70eko hamarkadatik 90ekora kontzientzia eragozpen eta intsumisio mugimenduaren inguruko 6.000 agiri, prentsako artikulu, kartel eta eranskailu bildu dituzte bertan.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Josemi Gaston Memoriaren Nafarroako Instiutulako zuzendaria. NAFARROAKO GOBERNUA
joxerra senar
2021eko otsailaren 16a
16:59
Entzun

«Nafarroak protagonismo berezia izan zuen», Pedro Olivan Gaztela Mantxako unibertsitateko ikerlariaren arabera, Memoriaren Nafarroako Institutuak bildutako dokumentazioaren gainbegirada azkar batean jada islatzen da ondorio hori. Olivanek, Bruno Lopez eta Fernando Mendiola ikerlari eta historialariekin batera, osatu du dokumentazioaren bilketa, eta herritarren eskura egongo da Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza zuzendaritzaren webgunean, ele bitan

Ana Ollo Herritarrekiko Erakundeekiko kontseilariaren arabera, iragan hurbilaren memorian sakontzea dute helburu, eta xede horretan, oso interesgarritzat jo dute frankismoaren amaieratik garatzen hasi zen kontzentzia eragozpenaren eta intsumisioaren mugimendua. Josemi Gaston Memoriaren Nafarroako institutuko zuzendariaren arabera, askotariko mugimendua izan zen hura, eta kontraesanak izan bazituen ere, gai izan zen garaiko gizartean soldaduskari buruzko eztabaida pizteko: «Indarkeriaren erabilera auzitan jarri zuen, eta gizarteari pentsarazi zion indarkeriak gabe auzi bat defenditzea posible zela».

Duela bi urte izenpetu zuen azterlan hori egiteko kontratua Pedro Olivan Gaztela Mantxako unibertsitateko ikerlariarekin. Artxibategiak lau ardatz izango ditu. Batetik, dokumentazioaren atalean, garaiko mugimenduko elkarteen eta militanteren 2.006 agiri bildu dituzte. KEM-MOC-ek, Kakitzat-ek, intsumiso presoen biltzarrak, EHGAMek, Carlos Reyk, Iñaki Subizak eta Juanjo Morenok eman dituzte dokumentuok, baina gehiago jasotzea espero dute. Gaika eta daten arabera egin daitezke bilaketak.

Bigarrenik, hemeroteka bat eta ikus-entzunezko artxibategia osatu da, eta, garaiko albisteekin batera, intsumisoen bizimoduaren berri ematen dute. Iñaki Subizak 3.952 artikulu bildu zituen, eta horien laburpen bat ikus daiteke bertan. Memoriaren institutura joz gero, hemerotekaren edukia bertatik bertara kontsultatzeko aukera egongo da. 

Horrekin batera, Andonio Romeok 403 irudi eta eranskailu bildu ditu, eta horiek ere webgunean bilatu daitezke. Azkenik, ikerlariek hamasei elkarrizketa kolektibo egin dituzte, eta guztira 71 lagunek parte hartu dute bertan. Dena den, elkarrizketak oraindik lantzen ari dira, eta eskuragarri maiatzetik aurrera egongo dira.

Aurkezpenean, bideokonferentziaz parte hartu du Pedro Olivan ikerketaren arduradunak —hark ere mugimenduan parte hartu zuen—. Haren irudiko, azpimarragarria da Nafarroak izan zuen garrantzia mugimenduaren sorreran, bilakaeran eta une erabakigarrienetan. 

  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.