Hego Euskal Herria eremu gorritik atera da: lau lurraldeek izan dute 100.000 biztanleko 500 positibo baino gutxiagoko tasa, abenduaren 2tik izandako jaitsierarik handiena. Langa igarotzen azkena Bizkaia izan da, eta hura da, hain zuzen ere, tasarik altuena duena: 483,7koa, alegia.
Kutsatuen grafikoak beheranzko joera berretsi du Hego Euskal Herrian. Aurreko egunean baino kutsatu gehiago zenbatu badituzte ere, positibotasun tasak behera egin du. Tasan bezala, kutsatzeetan ere Bizkaia izan da gehien zenbatu dituen lurraldea: 293. Gipuzkoan 106, Nafarroan 59 eta Araban 45 zenbatu dituzte.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, 60 ospitaleratze berri izan dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta gaur egun 168 gaixo daude larri.
Heriotzak gora
Eustatek kaleratu berri duen ikerketa batek adierazi du 2020ko lehen hiruhilekoan %7,8 areagotu zirela heriotzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan: 5.349 izan ziren. Horien arrazoi nagusia COVID-19a bera dela ondorioztatu du, iazko uztail eta irailaren artean soilik urte osoko heriotzen %6,6a eragin baitzuen izurriak.