HILBERRIA

Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusi ohia hil da

2007-2011 legealdian izan zen ahaldun nagusi.

Xabier Agirre. JUANAN RUIZ / FOKU
jon olano
2021eko otsailaren 13a
21:40
Entzun

Xabier Agirre Lopez Arabako ahaldun nagusi ohi eta EAJko kidea zendu da gaur, 70 urte betetzear zituela. EAJk berak eman du heriotzaren berri: "Xabier Agirre zendu da, Arabako abertzaletasunaren ordezkari historikoa eta euskal politikaren erreferente etikoa. Goian bego", idatzi du alderdiak.

Ahaldun nagusi karguaz gain, EAJko legebiltzarkidea izan zen 2004 eta 2007 artean, eta EAJko Araba Buru Batzarreko lehendakari. Euzkadi Buru Batzarreko idazkari eta bozeramaile ere izan zen 1983tik 1987ra.

Heriotzaren berri zabaldu ondoren, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak doluminak eman dizkie senide eta lagunei: «Gaztetatik bere bizitza osoan konpromisoa zer den erakutsi zigun». Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak nabarmendu du «gaztetatik» konprometitu zela Euskal Herriarekin: «Erreferente etiko bat izan da euskal politikan. Goian bego Ahaldun Nagusia». Esker oneko mintzatu da Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere: «Politikan emandako lehendabiziko urratsak Xabierrekin egin nituen. Arabar eta abertzale sutsua. Gizon ona. Beti lagundu ninduen. Udal politikan, momentu erabakigarriak bizi ginen elkarrekin, 2015eko ekainekoa bezalakoa. Egun handira arte, Xabier. Goian bego».

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, berriz, gogoan izan du Agirre «abertzale eta jeltzale fina, gizon langile eta lagun ona» zela. Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariorde eta PSE-EEko idazkari nagusiaren arabera, berriz, «galera mingarria» dela. Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramaileak doluminak eman dizkie Agirreren senide, lagun eta EAJko familia politikoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.