Oxford unibertsitateak gaur ohar bidez jakinarazi duenez, entsegu klinikoak egiten hasi da 6 eta 17 urte arteko umeekin, AstraZeneca botika etxearen txertoaren eraginkortasuna neurtzeko. Adin tarte horretan egiten den lehen entsegu klinikoa da. Entsegu klinikoan 300 umek parte hartuko dute: horietatik 240k AstraZenecaren txertoa jasoko dute, eta gainerakoek, meningitisaren aurkako txertoa. Entseguak Oxford, Londres, Southampton eta Bristolen egingo dira.
Andrew Pollard Oxford unibertsitateko haurren infekzio eta immunitate ikerketako buruak esan duenez, koronabirusak ez ditu umeak horrenbeste kutsatzen, eta oso gutxi dira larri gaixotutakoak, «baina garrantzitsua da txertoaren segurtasuna eta erantzun immunea ezartzea».