Tortura «sistematikoa» izan dela salatu, eta erantzukizunak eskatu dituzte

Torturaren Aurkako Egunaren harira, ekitaldiak egin dituzte Zizurkilen eta Bilbon, Egiari Zor fundazioak antolatuta.

Torturaren Aurkako Egunaren harira egindako ekitaldia, Zizurkilen. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko otsailaren 13a
15:05
Entzun

«Tortura praktika sistematikoa izan da atxiloketa zentroetan, ondo diseinatutako egitura bati eskerrak. Ez zen, beraz, polizia jakin batzuen kontua izan: tortura posible egin zuten mediku forentseek, epaileek, abokatuek, komunikabideek, garaian garaiko gobernu arduradunek, zenbait alderdi politikotako buruzagiek…». Torturatu zuten Urtza Alkortaren hitzak dira, Egiari Zor fundazioak Zizurkilen (Gipuzkoa) Torturaren Aurkako Egunaren harira egindako ekitaldian esandakoak.

Joxe Arregi gaur 40 urte hil zen, torturatuta, eta, hura salatzearekin batera, Alkortak gogorarazi du ez zela torturaren ondorioz hildako lehena izan: «Aurretik hil zituzten Mercedes Antxeta, Vicente Lertxundi, Manuel Thomas Gomes, Jose Maria Quesada, Javier Escalada, Antinio Goñi, Juan Jose Munduate eta Alfredo Valcarcel». Alkortak gogoan izan du «demokrazia deritzon hori» iritsitakoan ere torturak ez zuela etenik izan: «Zoritxarrez, demokrazia deritzon hori heldu ostean, beste izen batzuk ere gehitu zizkioten torturagatik hildakoen zerrenda tetrikoari: Esteban Muruetagoiena, Mikel Zabalza, Juan Calvo, Gurutze Iantzi eta Xabier Kalparsoro».

Azpimarratu du guztiak polizia etxeetan edo kartzeletan jasandako «kolpe edo zauri bortitzen» edo horiek eragindako «ondorio larrien» eraginez hil zirela, baina oraindik ez dutela aitorpen ofizialik jaso: «Hamalau izen horiek dira Euskal Herrian torturak ostu dituen bizitzak, baina horietako batek ere ez du oraindik aitorpen ofizialik lortu inongo erakunderen eskutik». Aitortza hori ezinbestekotzat du Alkortak: «Ezinezkoa da etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa sortzea heriotza horiek, eskubide urraketa larri horiek aitortzen ez baditugu».

Zizurkilen aitortza eskatu du torturatu zuten Jon Patxi Arratibelek ere: «Hori da, tamalez, Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan gertatu diren hainbat eta hainbat eskubide urraketaren aitortzak gaur egun oraindik planteatzen duten erronka: Poliziaren testigantzak edo bertsioak zeuden ebidentzien gainetik hartu dira aintzat urte luzeetan, estatuak baliatu duen indarkeriaren dimentsioa difuminatzeko; ezkutatzeko; kamuflatzeko; eta, horrela, gatazka politiko baten existentzia ukatzeko».

Tortura kasuak ikertzen eta argitzen jarraitzeko eskatzearekin batera, Alkortak nabarmendu du argitu beharra dagoela horiek posible egin zitezen baldintzak sortu zituztenen erantzukizun politikoak zein izan diren ere. «Egia argitara ateratzea justizia kontua da». Egia hori ezagutzeko, Arratibelek erantsi du beharrezkoa dela «eskubide urraketak ukatzeko eraikitako gezurrak desmuntatzea: «Hainbat eta hainbat heriotzaren kasuan egin beharreko lana da hori, eta baita torturak jasan ditugunon kasuan ere, urte luzeetan gezurra esan izana edo geure buruari mina egin izana leporatu baitigute».

Erakundeei eta ordezkari politikoei begira ere jarri dira. Alkortaren hitzetan, ezin da onartu haiek «aitzakiak» bilatzen jarraitzea, «botere publikoetatik giza eskubideak urratzeko erabakiaren ondorio diren erantzukizun politikoak ebidentzian uztea galarazteko». Arratibelen hitzetan, tortura posible izan zedin, hari bide ematen zion «estatu itun bat» zegoen. Horrela azaldu du: «Oso ondo diseinatutako sistema bat zegoen, non bakoitzak bere papera bete behar zuen eta non zigorgabetasuna funtsezkoa zen. Horrela izan da posible hamarkadetan zehar, isilpean, baina modu sistematikoan, indarkeria baliatu izana proiektu politiko jakin bat kriminalizatzeko eta komunitate oso bat beldurtuta eta isilpean mantendu nahi izateko». Ardurak euren gain hartzeko eskatu die Arratibelek ere: «Beharrezkoa ere bada gure biktimagileek eta horiek babestu zituzten arduradun politikoek dagozkien ardurak beren gain hartzea, eta goresteak eta kondekorazioak kentzea horiek umiliatuta sentiarazten gaituztelako».

Halere, Arratibelek azpimarratu duenez, lortu dute torturaren ukazioa garaitzea, testigantzak emanez, gorputz zanpatuak erakutsiz eta torturatuei nahiz haien ingurukoei eragin dieten mina argitara ateraz. «Hamarkada luzeetan zehar eta zigorgabetasun osoz torturatu gaituztela jakina da dagoeneko. Orain, biktimak aitortzeko eta dagokionak erantzukizunak nork bere gain hartzeko ordua iritsi da».

Oraindik, ordea, zereginak badaudela uste du Arratibelek, hainbat gauza zor dizkietela torturatuei: Egia, errekonozimendua eta erreparazioa, «giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsona guztiek merezi duten maila berean»; aitortzarako legeak, «jasan duten eskubide urraketa larria modu ofizialean aitortzeko eta erreparatzeko»; memoria politika publikoetan lekua, «argi gera dadin tortura Estatuak gatazkaren testuinguruan modu sistematikoan baliatu duela, herritarron eskubideak zaindu beharrean, urratzeko»; eta ikerketak, torturak izan duen benetako dimentsioa zein izan den argitara ateratzeko.

Eta torturaren ondorioz hildakoak gogoratzea beharrezkotzat du Alkortak: «Horren ondorioz hil zituztenen izenak espresuki aitortzea oinarrizkoa da, aurrerantzean berriro ere ez daitezen gutariko inorentzat arrotzak izan. Haiek oroitzea berriro horrelakorik gertatuko ez dela bermatzeko modurik onena da. Ez dezagun, beraz, gertatu dena ahantzi». Ildo beretik jo du Arratibelek ere: «Ez ditzagun torturaren biktimak, Joxe [Arregi] eta beste hamahiru hildakoak, ahaztu, eta berma ditzagun behingoz herri honetan giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsona guztien eskubideak».

Memoria, ez errepikatzeko

«Salaketak, erroldak, testigantzak, argazkiak, autopsiak, protokoloak, abestiak, poemak, izugarrizko ondorioak, trauma transgenerazionala... Tortura gure historia familiar, sozial, akademiko, kultural, psikikoaren parte da oroimena daukagunetik: hemen torturatu egin da». Hala salatu du Ane Muguruzak, Torturaren Aurkako Egunaren harira Bilbon egindako ekitaldian. Egiari Zor fundazioko kidea da Muguruza, baita talde parapolizialek hil zuten Josu Muguruzaren alaba ere.

Haren hitzetan, gaur egun esan daiteke «gaitz honen [torturaren] inguruko negazionismoa» gainditu dela: «Gaur egun, egia instituzional bat dugu, krimen baten aplikazio sistematikoa adierazten duen txosten mardul ofizial bat, EAEn bakarrik 4.113 tortura kasu egiaztatu dituen ikerlana. Gure borondatea da Nafarroan ere ikerketa hau egin ahal izatea, eta hemen eta beste edozein lekutan praktika hori desagerrarazteko behar diren mekanismoak aktibatzeko abiapuntua izatea». Muguruzak ere memoria eskatu du, berriro errepika ez dadin: «Egiari Zor fundazioaren ustez, ez dugu ahaztu behar gatazkaren testuinguruan bizi izandako biolentziak eragindako tragedia. Gertatutako guztia ezagutu behar dugu, etorkizunean horrelakorik berriro gerta ez dadin».

Mikel Zabalza gogoan

Lesakan (Nafarroa) ere, ekitaldi bat egin dute, bereziki eskualdean izan dituzten tortura kasuak salatzeko, ohar bidez azaldu dutenez: «Mikel Zabaltzaren gorpua Bidasoa ibaian agertu zen haren atxiloketatik hogei egunera. Ordutik ia 35 urte pasatu dira, baina ez da izan gure eskualdean izaniko tortura kasu bakarra». Igor Porturi eta Mattin Sarasolari egindakoa ere gogorarazi dute: «Ibai horretan bertan torturatu zituzten Igor Portu eta Mattin Sarasola ere, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak garaian ateratako sententziak aipatu bezala, ez zuten Espainiako Estatua torturak ez ikertzeagatik kondenatzen, estatuko segurtasun indarretako kideek atxilotuei tratu iraingarri eta ankerra emateagatik baizik». Halere, azpimarratu dute bi kasu nabarmen horiez gain, «zabalagoa eta isilagoa» izan dela torturak Bidasoaren inguruan utzitako arrastoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.