Frantziako Justizia ministroak, Eric Dupond-Morettik, Euskal Herriko ordezkaritza bat hartu zuen atzo Parisen, Vendome plazan. Euskal Herriko bake prozesuaz eta Frantziako Estatuaren kartzeletan diren euskal presoez aritu ziren. Jean Rene Etxegaraik, Vincent Bruk, Max Brissonek, Frederique Espagnacek, Michel Tubianak, Michel Berokoirigoinek eta Anaiz Funosasek osatu dute Euskal Herriko ordezkaritza.
Euskal Herriko ordezkaritzak dosier bat aurkeztu zion Justizia ministroari, konpontzeko dauden zenbait auziren ingurukoa, eta lehentasuna duten auziak azpimarratu dizkiote. Elkarrizketa giro eraikitzailean aritu zirela azaldu dute Euskal Herriko ordezkaritzakoek, eta ministroak engaiamendua berretsi du jarraipena emateko. «Euskal Herrian eraiki nahi dugun elkarbizitzaren aldagai erabakigarriak diren heinean, ordezkaritzak arretaz begiratuko dio aipaturiko dosierren bilakaerari», azaldu dute, ohar bidez.