INDARKERIA MATXISTA

Emakume bat hil dute Sestaon, eta ustez senarra da hiltzailea

Indarkeria matxistarekin zerikusia izan dezakeela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Senarrak bere buruaz beste egin du, eta gaur goizean aurkitu dute haren gorpua.

Ertzaintza bikotearen etxearen parean. MIGUEL TOñA, EFE
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko otsailaren 12a
14:50
Entzun

56 urteko emakume bat hil dute Sestaon (Bizkaia), eta Ertzaintza hilketa matxista bat ote den ikertzen ari da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, goizean 57 urteko gizonezko baten gorpua aurkitu dute itsasadarrean, eta familiari haren heriotzaren berri ematera joan direnean aurkitu dute andrearen gorpua etxean, indarkeria zantzuekin. Ertzaintza heriotza ikertzen ari da, baina azpimarratu du hilketa indarkeria matxistaren ondorio izan daitekeela; hori da hipotesi nagusia. Heriotza salatzeko, bihar elkarretaratze bat egingo dute, 12:00etan, Kasko plazan, Sestaoko Udalak deituta. Mugimendu feministak ere deialdi bat egin du, biharko, 18:00etarako, plaza berean.

Sestaoko Udalak, elkarretaratzera deitzearekin batera, hilketa gaitzesteko adierazpen bat argitaratu du. «Udalak eraso matxista bortitz honen gaitzespena adierazi nahi du, eta gure babesa eta hurbiltasuna adierazi nahi die haren senideei eta hurbilekoenei». Haren arabera, hilketa indarkeria matxistaren «adierazpenik gorenena» da, eta uste du ez dela «ekintza bakan» bat. «Gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizitu, mezu normalizatu eta sinbolikoen parte da, emakumeak gizonen mende jarraitzea helburutzat duena». Konpromisoa hartu du indarkeria matxistari aurre egiteko, eta baliabideak eta tresnak eskaintzeko. Mugimendu feministak antolatutako deialdiak ere babestuko dituela adierazi du, eta herritarrak ere deitu ditu parte hartzera.

Emakundek ere hilketa gaitzetsi du sare sozialak erabiliz, andreen aurkako indarkeriaren «adierazgarri latz eta gogorrena» dela nabarmenduta. Hildako emakumearen familiari eta ingurukoei ere elkartasuna adierazi die, eta hilketa salatzera deitu ditu herritarrak. «Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko, herritarren jarrera aktiboa ezinbestekoa da». Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak, berriz, gizartearen erantzukizuna izan du aipagai: «Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko».

2021eko bigarrena

Hilketa indarkeria matxistaren ondorio balitz, Euskal Herrian bortxa horrek aurten hildako bigarren emakumea litzateke, eta 2003tik 109.a. Aurretik, Aintzane Pujanaren gorpua aurkitu zuten, Aizarnazabalen (Gipuzkoa). 32 urte zituen, eta ikerketaren arabera, bikote batek prostituitzera behartzen zuen. Urtarrilaren 2an hil zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.