Zubietako erraustegia

GuraSOSen ondasunak bahitzea nahi du GHK-k

Kolektiboaren aurkako salaketa jartzeari uko egin dio Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko batzarrak.

GurSOSen mobilizazio bat, Donostian. JON URBE / FOKU
2021eko otsailaren 11
17:27
Entzun

Zubietako erraustegiaren aurka ari den GuraSOS elkartearen ondasunak -5.387 euro- bahitzeko prozedura hasi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Gaur egindako batzarrean, PSE-EEko eta EAJko batzarkideek bat egin dute Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu eta GHK-ko  presidenteak egindako proposamenarekin. Hain zuzen ere, hainbat auzibidetan izandako kostuak ez ordaindu izana egotzi diote taldeari, eta horregatik «bahitu» nahi dizkiote ondasunak. GuraSOSek ohar baten bidez jakinarazi du auzibide horietan epaileak ez zirela sartu edukiak aztertzera, eta forma arazoak aipatu zituztela salaketak baztertzeko.  GHK-k Gipuzkoako Diputazioaren esku utziko luke elkarte horren dirua bereganatzeko prozedura. Zehazki, hilabete bateko epea eman diote GuraSOSi kostu horiek ordaintzeko, eta, hala egingo ez balu, «premiamenduzko nahitaezko diru-bilketaren prozedura» hasiko lukete.

Joan den urtarrilaren 12an Asensiok ohartarazi zuen aztertzen ari zirela erraustegiaren aurka ari den kolektibo horren aurkako salaketa jartzea, baina gaur ez dute aukera hori aztergaien artean izan. Hain zuzen ere, egun horretan jakinarazi zuen GuraSOSek fiskaltzak ikertuko duela ea erraustegiaren legeztatze prozesuan irregulartasunak egin ote diren. Elkarteak uste du Zubietako erraustegiari Ingurumen Baimen Bateratua eman ziotela obrak amaitu baino lehenago, nahiz eta nahitaezkoa den obrak amaituta egotea baimen hori jasotzeko.

GuraSOSek gaur zabaldutako oharrean salatu duenez, gizarte eragileen parte hartzeari buruzko auzian, oraindik ere salaketa bat dago Europako Batzordeak ebatzi zain. Gaineratu duenez, Europako zuzentarau batek dio herritarrek parte hartzeko eskubidea dutela hondakinen kudeaketa zehazten duten plangintzetan, eta taldeak salatu du Gipuzkoan herritarrek ez dutela izan horretarako aukerarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.