Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak bat egin du Aztnugal dinamikako ordezkariekin, eta Nafarroako alderdi eta erakundeei eskatu diete torturaren biktima horiek aitortzeko eta «babesa» adierazteko, uste dutelako giza eskubideen urraketa guztiek errekonozimendu politiko eta legala merezi dutela, baita erreparazioa ere. «Hori da bizikidetza demokratikoa eraikitzen jarraitzeko berme nagusia».
Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak iragan urtarrilaren 29an elkartu ziren Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegi Martinez eta Iñigo Gonzalez Etaiorekin. 2011n atxilotu zituzten, Fernando Grande Marlaska orduko Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Inkomunikazioaldian torturak salatu zituzten, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, gazteek jarritako helegiteak aintzat hartuta, Espainia zigortu dute berriz ere torturak ez ikertzeagatik.
Azken epai horren harira elkartu zen Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra Aztnugal dinamikako ordezkariekin. Foro sozialari eskatu zieten torturari buruzko epaiak eta Torturaren Prebentziorako Europako Batzordearen txostena eragileei helarazteko eta ikerketa ofizial bat egiteak duen garrantzia azpimarratzea, «Nafarroan Estatuko Segurtasun Indarrek zenbat pertsona torturatu dituzten argitzeko, eta, era berean, giza eskubideen urraketa larri horrek Nafarroan izan dituen ondorioen argazki osoa eskaintzea».
Foro sozialak bat egin du eskaera horiekin, eta hori aintzat hartuta banatu du txostena Nafarroako Parlamentuko alderdi guztien artean. Oharrean diotenez, «Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak askotan egiaztatu ahal izan du torturaren biktimek bizi duten diskriminazio-egoera bereziki lazgarria dela, aitorpen-maila oso txikia dutelako, biktima kopurua handia izan arren».
Horregatik, uste dute tortura ez zela noizbehinkako praktika bat izan, «eta denboran irautea ahalbidetu zutenek egindako kaltea jendaurrean onartzea eskatzen dute». Bestetik, «antzeko ezaugarriak dituen Euskal Legeari buruz Konstituzio Auzitegiak emandako epaien ondoren, 16/2019 Foru Legeari errekurtsoak aurkeztu zizkioten hiru alderdi politikoei errekurtsoa kentzeko eskatu diete», eta azkenik, Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzari eskatu diete jarrai dezala torturak Nafarroako Foru Komunitatean izan duen eraginaren argazki osoa egin nahi duen azterlanarekin.