ETAren biktimen omenezko ekitaldian «ez ahanztera» deitu dute

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak lore eskaintza bat egin du «terrorismoaren biktimen omenez» Iruñeko Baluarte plazan dagoen monumentuan, 09:00etan. Gero, 10:30ean, ETAren biktimen elkarte batzuek beste ekitaldi bat egin dute.

2021eko otsailaren 11
13:07
Entzun

«ETAk eragindako desplazatuen eta gizateriaren kontra eragindako biktima guztien memoriaren eguna» dela eta, lore eskaintza bat egin dute gaur goizean Iruñeko Baluarte plazan, ETAren biktimen omenez egindako eskulturaren aurrean. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria hainbat alderdikiderekin eta gobernukiderekin izan da bertan, minutu bateko isilune bat egin du, loreak uztearekin batera, eta gero Parlamentura joan da, osoko bilkurara.

Gero 10:30ean, elkarte batzuek antolatuta beste ekitaldi bat izan da. Honako elkarte hauetako ordezkariak izan dira bertan: ETAren Terrorismoaren Biktimen Nafarroako Elkartea, Tomas Caballero fundazioa, Berriozarko Bakearen Aldeko Bizilagunen Elkartea, Nafarroako Gizarte Zibila, Nafarroa Berreskuratu, Doble 12, Libertad Ya, Pompaelo Kultura Elkartea eta Tolerantziaren Aldeko Elkartea. Navarra Suma eta UPNko ordezkariak ere batu dira elkarte horiekin batera egin den elkarretaratzera.

Deialdia egin duten elkarteentzat, «zentzuzkoa» izan zen otsailaren 11 izendatzea «ETAk eragindako desplazatuen eta gizateriaren kontra eragindako biktima guztien memoriaren egun gisa»; izan ere, «arriskua» dago «sufrimendua guztia ezertarako balio ez izana». Haien ustez, «ahaztea ezinbesteko tresna da biolentoek euren helburuak lortu ditzaten». Erakundeei eta alderdiei dei egin zieten «ez ahazteko» ETAren indarkeria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.